Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesua abiaraziko du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 29a, 19:59

Eragile ezberdinekin kontrastatu ondoren, aho batez onartu dute kontseilua eratzeko arautegia; kide anitzeko organoa izango da eta aholkularitza zerbitzu bezala funtzionatuko du.

Urtarrilean onartu zuen Tolosako Udalak Euskara Kontseilua arautzeko ordenantza, eta azken osoko bilkuran, Berdintasun Kontseiluarena onartu zuen, aho batez. Hizkuntza eta berdintasun politikak elkarlanean eta era koordinatuan garatzea dute helburu kontseiluek. Hori dela eta, eragile eta herritarrekin elkarlanean landu eta garatu dute arautegia, beren ekarpen eta laguntzarekin osatuz. Ondoren, Berdintasun Mahaiarekin partekatu eta kontrastatu dute.

Emakume, herritar eta elkarte guztiei politika sozial, ekonomiko eta kulturalen garapenean, modu askean, parte hartzeko bide ematea eta udal bizitzaren esparru guztietan emakumeen presentzia, partaidetza eta aitorpena areagotzea dira Berdintasun Kontseiluaren helburuak. «Emakumeen topaketarako eta eztabaidarako gunea izango da, eta emakumeek izandako presentzia eta indarra areagotzea ekarriko du», adierazi du Joxe Mari Villanueva zinegotziak. «Azken urteetan asko egin da, baina oraindik gehiago dago egiteko», gehitu du.

Kontseilua kide anitzeko organoa izango da, eta aholkularitza zerbitzu modura funtzionatuko du. Irekia izango da, beraz, bertako kide ez diren gainerako emakumeek ere, norbanako edo erakunde nahiz talde modura parte hartu dezakete, aholkuak emanez. «Urrats garrantzitsua da, oraingo dinamika eusteaz harago, dinamika berriak sortzeko aukera emango duelako. Berdintasunaren helburua lortzeko beste mugarri bat izango da, edo hori da behintzat gure asmoa», azaldu du Olatz Peon alkateak.

Bideak zabaltzeko beharra

Oposizioaren hitzetan, «albiste pozgarria» da. Hala ere, «kontraesanak» daudela esan du Olatz Artola EH Bilduko zinegotziak. «Agerian geratu da legealdi honetarako, ustezko gardentasuna, eta etengabeko komunikazioa eta parte-hartzea sustatzeko udalak azaldutako asmoa. Egiari zor, gure ustez, errealitatea bestelakoa izan da. Udalak ateak itxi ditu, herritarrei bideak zabaldu ordez, bideak zailduz. Kontuan izan behar dugu, oso garrantzitsua dela herritarrak entzutea, beraiek egiten dutelako herria. Bi bideak zabaldu behar dira, norberak berea egin dezan, baina biek elkarrekin. Herrigintza egitea ere bada guk egin dezakegun hautu bat».

Udal taldearen ustez, «prozesu hau ezin da herriko emakume taldeek eta eragile feministek egindako lanik gabe ulertu». Berdintasun Kontseilua eratzeko bidean, Ana Sanz tolosarrak ere hartu du hitza azken osoko bilkuran. «Batzordekidea izateko bi hizkuntza jakitea eskatzen da; gure ustez, ez luke horrela izan behar, erabaki diskriminatzailea izan daitekeelako. Ez gaude prest euskaraz ez dakitenei partaidetza ukatzeko», adierazi du.

Konfiantzazko harremana herritarrekin

Bestetik, udalaren eta herritarren arteko harreman elektronikoa sustatze aldera, datu pertsonalen babesaren eta informazioaren segurtasunaren inguruko egokitzapenak egiteko beharrezkoak diren dokumentuak onartu zituzten bilkuran. «Teknologia berrien erabilera indartu nahi dugu, eraginkortasunean, gardentasunean, gobernu onaren printzipioetan eta partaidetzan urratsak egiteko. Beharrezkoa da herritarrei tramiteak online egiteko aukera zabaltzea», esan du Xabier Balerdi zinegotziak.

Balerdiren ustez, «ezinbestekoa» da neurriak indartzea, «bereziki, herritarren eskubideak bermatzeko eta konfiantzan oinarritutako harremanak sustatzeko. Herritarrek lasaitasun osoa izan behar dute, udalak euren datuak konfidentzialtasunez erabiliko dituelako. Datuak babestuta daude eta konfidentzialtasuna zorrotz errespetatu eta bermatuko da». Horretarako, herritar guztien eskura jarriko dira inprimaki guztiak, udal webgunean. Halaber, kudeaketa sistemaren etengabeko hobekuntza sustatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko Segurtasun Batzordearen egitura zein izango den ere onartu dute.

Terrazek, espazio gehiago

Larrialdi egoera ezarri zenetik, udalak hainbat neurri hartu ditu pandemiari aurre egin eta jarduera ekonomikoa babesten eta sustatzen jarraitzeko. Ostalaritzari dagokionez, aurtengo terrazen tasak ez kobratzea erabaki ondoren, azken bilkuran, segurtasun neurriak eta tarteak errespetatzen jarraitu ahal izateko, ostalaritza-jarduerei lotutako terraza-azalerak handitzeko hartutako neurrien bigarren luzapena onartu zuten.

Gauzak horrela, ezarrita dauden neurriak indarrean dirauten bitartean, espazio publiko handiagoa erabili ahal izango dute ostalariek, beren terrazak kokatzeko. «Udalak betiere irisgarritasuna, mugikortasuna, sarbideak eta herritar eta bizilagunekin elkarbizitza bermatzen direla zainduko du. Egoera normaltasunera itzultzean, neurri hau indargabetu egingo da eta ohiko egoera eta espazioetara itzuli beharko dute terrazek», azaldu du Nerea Letamendia zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!