Aste Santurako eskaintza berezia prestatu du Topic zentroak

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 26a, 11:36

Aste Santuko opor egunetarako Topic zentroak mota guztietako jendearentzako jarduerak antolatu ditu. Lehenik eta behin, apirilaren 1, 2, 3 eta 5ean bisita gidatua egin daiteke museora. Horretarako, aldez aurretik erreserba egin beharko da, 943 650 414 telefonora deituz edo cit@cittolosa.com helbidera idatziz. Pandemia egoera dela eta, 6 lagun arteko taldeak onartuko dira.

Bestalde, apirilaren 6tik (asteartea) apirilaren 9ra (ostirala), egunero eta 10:30etik 12:30era, 6 urtetik gorakoentzako txotxongilo-tailerrak egingo dira. Egun bakoitzean lantegia desberdina izango da eta, beraz, prezio desberdinak ezarri dira egin nahi diren tailerren kopuruaren arabera: egun bat, 8 euro; 2 egun 15 euro; 3 egun 21 euro; eta 4 egun 26 euro. Hemen ere aldez aurretik erreserba egin beharko da.

Topic-ek gogoratu du ere egun horietan ere zabalik egongo dela Unima-ren historiari buruzko aldi baterako erakusketa. Erakusketak aldi baterako erakusketen aretoa eta Tolosako erdialdeko anbigua hartzen ditu. Guztira, hainbat teknikarekin egindako 75 txotxongilo daude ikusgai. Unima-ren historiari eta ikusgai dauden piezei buruzko informazio zehatzaz gain, sei ikus-entzunezko ikusi ahal dira, horien artean kaleidoskopio bat. Era berean, 1969tik aurrerako erakundearen eta munduko biltzarren jatorrizko kartelen bilduma dago ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!