Aurten ere ez da XIV Orduak ibilaldirik izango

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 26a, 10:40

Aralarko Adiskideak elkarteak azaldu duenez, "COVID‐19ak sortutako egoera eta baldintzak aintzat hartuta, 2021ean ere martxan bertan behera uztea da zentzuzkoena".

Aralarko Adiskideak elkarteak XIV. Orduak mendi martxa urtebete atzeratzea erabaki zuen joan den urtean, "COVID‐19ak sortutako pandemia egoeragatik". Urte olinpikoarekin batera, lau urtean behin, egiten da ibilaldia. "Iaz, Olinpiar Jokoak bertan behera geratu ziren, baita gure ibilaldia eta beste kirol proba eta ekitaldi gehienak ere. Geroztik, osasun egoerak hainbat gorabehera izan ditu, eta azken egunetako joera eta datuak zertxobait hobeak badira ere, gaur gaurkoz baldintzak ez dira egokiak horrelako martxa bat egiteko. Hori dela eta, aurten ere zentzuzkoena eta zuhurrena ibilaldia bertan behera uztea da", zehaztu dute antolatzaileek.

Hainbat arrazoi izan dira erabaki hori hartzeko. "Lehenik eta behin, ibiltariek prestatu egin behar dute horrelako ibilaldi luze bat egiteko, eta gaur egun, batetik bestera mugitzeko ditugun mugekin eta arazoekin, ezin da behar bezalako prestakuntzarik egin", esan dute Aralarko Adiskideak elkartetik, eta gaineratu: "Muga perimetralak eta erkidegoen artekoak kontuan izanda, gainera, ez dakigu Nafarroara pasatzeko aukerarik izango dugun. Ibilaldi antolatzeko hilabeteak behar dira, eta egoerak zer bilakaera izango duen eta Aste Santuak zer ekarriko duen jakin gabe, ezin da inolako aurreikuspenik egin alde horretatik".

Horrez gain, irteeran, anoa uneetan eta iritsieran jende multzo handiak pilatzen direla ekarri dute gogora. Azken edizioan 1.900 mendizalek eman zuten izena, esaterako. "Beraz, egoera honetan halako pilaketak ez lirateke bideragarriak. Txertaketa kanpaina aurrera doa, baina maiatza hortxe dago, eta oso zaila izango da ibiltarien gehiengoa txertatuta egotea, are gutxiago gure ibilaldian izena ematen dutenen adin tartea kontuan izanda. Izan ere, gure mendizaleetako asko azkenetakoak izango dira txertatzen", diote antolatzaileek.

Hori guztia kontuan hartuta, "aurten ere, tamalez", ez dela XIV. Orduak ibilaldirik izango azaldu dute. "Mendizale askok adinako pena dugu antolatzaileok ere, badakigu eta zer‐nolako ilusioa pizten duen ibilaldi honek Tolosaldean eta, oro har, mendizaleen artean". Hurrengo edizioa noiz izango den ezin dutela gaur egun jakin gaineratu dute: "Aurten behintzat ez da egingo. Aralarko Adiskideen Zuzendaritzak ez du horren gainean erabakirik hartu". Egoerak zer bilakaera duen ikusita, erabakiren bat hartzen dutenean jakinaraziko dutela azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!