Inauterien memoria digitalizatu nahi dute

Ataria 2021ko mar. 25a, 14:59

2022rako amaitzea aurreikusten duen inauteriei buruzko dokumental "historikorako" materiala biltzen hasiko da Tolosako Udala, astelehenetik aurrera, kultur etxean.

Otsailean iragarri modura, Tolosako Udalak inauterien inguruko dokumental historikoa gauzatzeko baliatu nahi du 2021 urtea. “Herritarrek etxean izan dezaketen materiala bilduz, artxiborako geratuko den ikus-entzunezkoa sortu, eta tolosar guztien eskura jarri nahi dugu”, adierazi du Izarne Iglesias kultur zinegotziak. “Aurtengoa, gainera, urte aproposa izan daiteke, prozesu luzeagoa eskatzen duen lan serioago bat egiteko”, gehitu du Xabier Cañas kultur teknikariak.

2011n Jeiki Jeiki erakusketaren harira, antzeko ekimena jarri zuen martxan udalak. “Material asko bildu zen orduan, eta ikus-entzunezko materiala ere sortu zen”, esan du Iglesiasek. Horiek guztiak ere erabili ahal izango dituzte dokumentalerako. “Baina oraindik material asko dago, eta horregatik, bigarren deialdi hau jarriko dugu martxan, materialik galdu ez dadin”.

Oraingo honetan, ordea, inauteriak ikuspuntu ezberdin batetik landu eta jorratzea da asmoa; horretarako, inauterien inguruko ikerketa lana hartuko da dokumentalaren abiapuntu modura. “Zerbait objektiboa egin nahi dugu, historialariak, soziologoak eta antropologoak elkarrizketatuz. Orain arte inauterien inguruan egin diren dokumentaletatik aldenduko den lan bat izango da, eta irudiek testigantza pertsonalek baino indar handiagoa izango dute”, azaldu du Cañasek.

Dokumentala osatzeko lehen urratsa beraz, material bilketa egitea izango da. Ekimen honetan parte hartu nahi duten herritarrek, astelehenetik aurrera eraman ditzakete kultur etxera etxean dituzten inauterien inguruko bideo eta grabaketak. “Ez da inauteriekin zerikusirik ez duen materialik digitalizatuko, eta gero, irizpide artistikoen arabera erabakiko da zein irudi erabili”, aurreratu du Cañasek. Herritarrek udalaren esku uzten dituzten ikus-entzunezkoak dokumentalerako erabili ahal izango dira, aurrez, herritarrek baimena emanda; horretarako, fitxa bat bete eta lizentzia sinatu beharko da.

Bideoek lehentasuna

Goizez eta arratsaldez bilduko da materiala, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30eara, ekainaren 22ra bitarte. Aste Santuko egunetan, goizez bakarrik egingo da bilketa. Edozein formatutan (VHS, Bideo 8, Betacam...) aurkeztutako materiala jaso eta digitalizatuko du udalak, eta digitalizatu ondoren, USB batean itzuliko zaio materiala jabeari. “Dagoeneko digitalizatuta dagoen materiala ere onartuko da. Argazkiak eraman daitezkeen arren, dokumentalerako bideoek izango dute lehentasuna”, gaineratu du teknikariak.

Behin bideo guztiak jasota, dokumentalerako gidoia prestatuko da. “Bildutako materiala oinarri izango da, udan produkzio lanekin hasteko. Irudi pertsonalak edo orokorragoak izan daitezke, batez ere, testuinguruan kokatzeko balio dezaketenak”, azpimarratu du Cañasek.

Produkzio eta edizio lanak amaitu ondoren, 2022rako dokumentala prest izatea da asmoa. "Tolosako festarik herrikoi, maitatu eta jendetsuenaren jatorria, historia eta eboluzioa aztertu eta jaso nahi dugu. Izan ere, guztiok ditugu etxean urtetan grabatu eta gorde izan ditugun bideoak, horietako asko, altxor txikiak dira, inauterien garrantzia azaltzen dutenak eta balio historiko handikoak”, nabarmendu du Iglesiasek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!