Azaroan estreinatu zen Sisiforen paperak antzezlana, eta hartu du tartea eskualdera etortzeko ere. Igandean, bi saio eskainiko dituzte Leidor aretoan: eguerdian, Euskaldunon Egunkariako eta Berriako langileentzat irekiko dira ateak, eta arratsaldeko saioa, 19:00etan hasiko dena, gainerako herritarrentzat izango da.
Euskaldunon Egunkaria auzian libreki inspiratutako antzezlana da, Fernando Bernuesek zuzendutakoa. Harkaitz Canok idatzi du testua, Bernuesek hala eskatuta, eta ezohiko aktore kopurua arituko da oholtza gainean, hamaika guztira: Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte. Eszenografiaren arduradun den Ikerne Gimenezek ere izango du lekua taula gainean. Gitarra elektrikoarekin emango dio hasiera antzezlanari eta eszena arteko tarteetan ere entzun ahalko dira haren akordeak.
Egunkaria-ren itxieraren kronika zehatza egitetik harago doa antzezlanaren muina. Fokua zabaldu du Canok, eta kazetaritzaren eta, zehatzago, idatzizko prentsaren inguruan hausnartzeko baliatu du obra. Bi errealitate ditu nagusi: batetik, kazetariarena, egunkari bat nola egin erakutsiko duena, erredakzio bateko egunerokotasuna irudikatuz, eta, bestetik, kazetari atxilotuarena, galderak egin beharrean erantzun egin beharko dituena eta polizien eskutik jasan zituzten torturak gogor irudikatuko dituena. Ispilu lan horretan, parez pare izango dira bi giro horiek oholtzan, elkar gurutzatuz, une berean.
FITXA TEKNIKOA
Egilea: Harkaitz Cano.
Aktoreak: Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Iñigo Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte, Alexandru Stanciu eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzeneko musika: Ikerne Gimenez.
Zuzendaritza: Fernando Bernues.
Zuzendaritza adjuntua: Kike Diaz de Rada.
Zuzendaritza laguntzaile: Sara Cozar.
Eszenografia: Ikerne Gimenez.
Jantzitegia: Ana Turrillas.
Argiztapen eta ikus-entzunezko diseinua: David Bernues.
Koordinazio teknikoa: Acronica Producciones.
Eszenografia eraikuntza: Mambo Decorados.
Errejiduria: Alexandru Stanciu.
Argazkilaritza: Mikel Blasco.
Administraritza: Maite Gorrotxategi.
Ekoizpen exekutiboa: Teatro Arriaga.
Ekoizpen zuzendaritza: Ane Antoñanzas.
Ekoizpena: Nagore Plazaola.
Koprodukzioa: ANTZERKIZ (Bilboko Arriaga antzokia / Gasteizko Printzipal antzokia / Donostiako Victoria Eugenia antzokia), CDN-Centro Dramatico Nacional.