Redline Mekanika TAKE, igoera fasea jokatzeko prest

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 24a, 19:59

Redline Mekanika TAKE taldeko Karim jokalaria, eskuinean, BKL Beasain taldearen aurkako partidan. IÑIGO ROYO

Gizonezkoen saskibaloi taldea sailkapeneko bigarren postuan dago. TAKE taldearen liga bertan behera geratu da.

Hiru partida falta zaizkio gizonezkoen Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldeari lehen fasea bukatzeko, baina dagoeneko esan daiteke igoera fasean sartuko direla. Justu aurreko asteburuan jokatu behar zuten partida atzeratu egin da, taldea konfinatuta baitago. Aurreko asteko asteazkenean jokalari batek positibo eman zuen, eta taldekide guztiek bihar arte etxean egon behar dute.

Lehenengo aldiz daude konfinatuta liga hasi zenetik, baina bazekiten hori edozein unetan gerta zitekeela. Ostiralean hasiko dira berriro entrenatzen, baina asteburu honetan atsedena egokitzen zaie, eta denbora izango dute hurrengo partida jokatu baino lehen berriro elkarrekin entrenatzeko. «Egoera hau tokatu behar bazen oraintxe izan da egokiena», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak.

Emaitzei dakionez, «oso gustura» dago entrenatzailea orain arte lortutakoarekin. Zortzi partida jokatu dituzte eta horietatik zazpi irabazi eta bat galdu dute. Getxo dago lehenengo sailkapenean, jokatutako zortzi partidak irabazita. «Azkenean emaitzek islatzen dute taldeak egindako lana. Abuztuan hasi ginen denboraldi-aurrearekin, eta jokalariak ilusio handiarekin zeuden, besteak beste, konfinamendutik abuztura bitarte lau hilabetez kirola egin gabe egon zirelako», esan du Artetxek. «Behin lehian hasterakoan, oso lan ona egiten ari dira jokalariak, eta emaitzak alde izateak ere beraiei motibatu egiten die».

Sailkapeneko lehen lau taldeak sartuko dira igoera fasean, eta euren artean etxean zein kanpoan jokatuko dituzte partidak. Partida horiek jokatu ondoren, lehen bi sailkatuak EBA ligara igoko dira. «Taldearentzako, zein klubarentzako, eta Tolosarentzat ere bai, EBA ligara igotzeko lehiatzea oso polita da», esan du Artetxek. «Denboraldi hasieran ez zen helburua igoera lortzea, eta gaur egun ere ez da horrela. Borrokatuko dugu partida guztiak aurrera ateratzeko, eta igoera lortzen badugu ospatuko dugu, eta ez bagara lehen bi postuetan sailkatzen, igoera fasea bera jokatzea oso polita izango da klubarentzako. Gure asmoa da lehiatzea, gozatzea, jokalariak hobetzea eta bide horretatik jarraituko dugu».

TAKE, PARTIDARIK JOKATU GABE

TAKE emakumezkoen lehen taldeak partidak ez jokatzea erabaki du. Liga bertan behera uztea erabaki du federazioak, eta orain beste lehiaketa bat antolatu du parte hartu nahi izan duten taldeekin. «Bagenekien denboraldi hau ez zela erraza izango eta partida batzuk jokatzea iruditzen zitzaigun urrats handi batzuk ematea izan zela», azaldu du Iñigo Irurtzun entrenatzaileak. Hiru partida jokatu zituzten denboraldi hasieran, eta gero eten egin zen liga.

Otsaila bukaeran elkartu zen federazioa eta erabaki zuen martxoaren 13tik aurrera partidak jokatu ahal izatea. Hori bai, liga baliorik gabe geratu da, eta ez da ez igoerarik ez jaitsierarik izango. Horren aurrean, ezohiko lehiaketan ez parte hartzea erabaki zuen TAKEk. «Ikusita pandemiaren bilakaera, eta taldeak gai honekin izan dituen gorabeherak, jokalarien eta entrenatzaileen artean erabaki genuen, klubaren oniritziarekin, ez parte hartzea», esan du Irurtzunek.

Liga etenda egon denean eta orain ere taldeak entrenatzen jarraitzen duela gaineratu du entrenatzaileak: «TAKEk klub bezala apustua egin zuen, eta sinisten zuen kirolak jarraitu egin behar zuela, eta entrenatzeko aukera izan denean, buelta gara horretara. Arraroa ere izan da, musukoarekin entrenatu dugulako. Jokalari batzuk utzi egin dute, lan kontuak direlako edo familian adinekoak dituztela, arrisku pixka bat ere bazuelako entrenatzeak. Sei-zortzi jokalarirekin entrenatzen jarraitu dute, ahal bezala, eta horrela segituko dugu denboraldia bukatu arte».

TAKE taldearen entrenamendu bateko une bat, denboraldiaren hasieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!