Amaitu dituzte Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 24a, 17:59

Azpiegituren etengabeko hobekuntzan, eremuaren jarraipen eta azterketa egingo du udalak, beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraitzeko.

Ostegunean amaitu ziren Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak. Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berriaren baitan, irailean egin zen Larramendi eta Ibaiondoko kaleen eta Arrameleko zubiaren arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko froga, trafiko fluxuak arintzeko helburuarekin. Frogaren emaitzak adierazgarriak izan ziren: semaforoak kentzearen ondorioz, auto ilarak ia desagertu eta oinezkoen zirkulazioa arindu zen. Izandako arrakasta eta herritarren harrera ona ikusita, udalak biribilgunea egonkortzeko lanak abiarazi zituen urtarrilean.

Lanei dagokienez, biribilgunea diseinatu eta erdiko irlatxo eta plataforma eraiki dira, zoladura konpondu da, seinaleztapen horizontala eta bertikala egokitu eta hobetu da, oinezkoentzako babes-hesiak jarri dira arriskua dagoen zatietan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztu dira eremua irisgarriagoa izan dadin. Bide argiztapena indartu da, semaforoak kendu dira, baita dauden bide marrak ere.

Etengabeko hobekuntzan

Biribilgunearen egonkortze lanak amaitu badira ere, eremuaren jarraipena eta azterketa egingo du udalak, eta hobetu beharreko alorrik identifikatuz gero, neurriak hartuko ditu. "Etorkizunera begira, eremua bere osotasunean egokitzeko proiektu integrala landuko dugu, motordun trafikoa eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna kontuan izango dituena, espazioa egokia eta irisgarria izan dadin guztientzat".

Bestalde, haurren ongizate fisiko eta emozionala bultzatzeko aurten abiatu den Eskolabideak partaidetza prozesuaren baitan, ikastetxe eta ikasleekin landuko da eremu hau, haien ikuspegia barne hartuta, hobetzekorik atzematen bada, hobekuntzak proposatzeko.

Ura Ur Agentziarekin harremanetan landuko dute proiektu integrala, eremuak uholdeetarako duen arriskuagatik. Une honetan, gainera, agentziak martxan du Tolosako erdigunearen arriskuari aurre egiteko proiektua idazteko lizitazioa. Proiektua idatzi ondoren, ekintza plana garatuko du Urak, eta lanketa guzti horrek eragin zuzena izan dezake eremu osoan, Arrameleko zubian eta hau zabaltzeko aukeran, esaterako. Beraz, modu koordinatuan landu beharko du udalak datozen urteetan eremua modu integralean eraberritzeko behin betiko proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!