ERREPORTAJEA

Tolosa berriz jaio zen eguna

Xanti Saizar 2021ko mar. 28a, 07:58
Zisterna trenbidearen gainean. JESUS ARREGI

Orain 43 urte, 1978ko martxoaren 28an, asteartea, goizaldeko ordu bata eta erdietan, merkantzien tren bat Tolosako geralekua eta geltoki nagusiaren artean errailetik atera zen.

Duela 43 urte merkantzien trena Tolosan trenbidetik atera eta segituan herriko agintariek egoeraren nondik norakoak ezagutu zuten Renferen eskutik.

Honela, berehala, Renfeko arduradunak Udal Gestora izendatu berriarekin harremanetan jarri ziren, tren-makinaren segidako bagoiak zisterna batean 55 tona azido zianhidrikoa uretan disolbatua zeramalako. Bat-batean, udal ordezkariek jakin zuten zisterna lehertu edo pitzatu eta azidoa isuri izan balu, airearekin bat egiterakoan gasa bihurtu eta oso hilgarria bihurtuko zela. Eta orduan jakin zuten ia astero horrelako zisterna bat Lyongo Ugine Kuhlman fabrikatik Burgosko Sodeti lantegira trenez eramaten zela, produktu plastikoak egiteko erabiltzen baitzen.

Renferen lehentasuna trenbidea lehenbailehen irekitzea zen, baina Udal Gestorak biztanleriaren segurtasuna bermatu nahi zuen eta, enpresetako teknikariekin bilerak egin eta gero, azido zianhidrikoa iraulita zegoen zisternatik espresuki ekarri zen mota bereko zisternara aldatzea erabaki zen. Lau egun luzeren ondoren, larunbat goizean amaitu zen lan hori eta igande-astelehena bitarteko gauean trenbidea zirkulaziorako ireki zen. Elizak Jaungoikoari eta Izaskungo ama birjinari eskerrak emateko meza antolatu zuen, Jazinto Argaia apezpikuarekin. 

Trena karriletik aterata 1978ko martxoaren 28an. JESUS ARREGI

Iñaki Linazasoro, Udal Gestorako presidenteak, gertatu berritan lehen adierazpenetan Tolosa berriz jaio zela esan zuen eta errailetik atera zen bagoi-zisterna metro askotan arrastaka eta iraulka ibili bazen ere, zorionez, osorik eta pitzadurarik gabe eutsi ziola. «Horrek salbatu gaitu eta harro esan behar da Irungo enpresa batek egindakoa dela, gure industriak duen bermea erakutsiz», azpimarratu zuen.

Baina Iñaki Linazasorok ez zekiena da Irungo enpresa hori, ehun urte lehenago, tolosar batek sortutakoa zela. Karlos Linazasorok –Iñaki Linazasororen semea–, 2018an argitaratutako 6012 nobelan, egun horietan bizitako tentsioak irudikatzen ditu.

'Herederos Ramon Mugica bagoi fabrika' 

Titulu hori duen liburua 2018ko udazkenean argitaratu zuen Juanjo Olaizolak, Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoko zuzendariak. Eta horri esker jakin ahal izan dugu Ramon Mujika Etxeberria 1843ko apirilaren 12an Tolosan jaio, 1865ean Tolosan aroztegia jarri eta Eusebia Lezetarekin ezkondu zela eta Tolosan jaio zirela bien lehenengo hiru seme-alabak.

Bigarren karlistaldian, 1874ko otsailean, karlistek Tolosa okupatu zuten eta 1.700 tolosar liberalek Donostiara alde egin behar izan zuten, tartean Ramon Mujikak, eta bertan udal liberala mantendu eta defentsan parte hartu zuten, askatasunaren boluntarioen batailoia sortuz. 1876ko otsailean gerra amaitu eta Tolosara itzuli zirenek herria txikituta topatu zuten. Tolosako enpresa handiena, Iurreamendin –gero Papelera Española egon zen tokian, gaur txaletak– kokatzen zen oihal eta artilezko ehunen fabrika, 500 langile zituena eta jabea Nicasio Santos alkate liberala zena, makinaria gabe eta deskapitalizatua zegoen eta itxi egin behar izan zuen. Familia asko Donostian geratu ziren, bizi aukera hobeak eskaintzen zituelako. Gipuzkoako hiriburutza lortu ondoren, Donostiak 1863an harresiak bota eta Kortazar arkitektoak finkatutako zabalkundea eraikitzen ari zen, etxe berriak erruz egiten eta eraikuntzarako enpresa osagarri askok aukera ona topatu zuten bertan kokatzeko. 1865erako, beste tolosar batek, Manuel Urkola Aiestaranek, Grosen aroztegi industrial bat sortu zuen. Eta Ramon Mujikak, bi urte horietan, nahiko denbora izan zuen negozio aukera horietaz jabetzeko.

1877 urtean Groseko Mirakruz kaleko 9an, 7.000 m2ko lurzorua erosi zuen eta 1878an etxea eta aroztegia eraiki eta lanean hasi zen. Hasieran, bere egiteko nagusiak egurrezko ateak, leihoak, moldurak... ziren, baina aukera berriak ikusi eta beste produktu asko diseinatu eta patentatu zituen, pertsiana bilgarriak eta ate birakariak, besteak beste.

Ramon Mujika 1907an hil zen eta La Voz de Guipuzcoa egunkari errepublikarrak lehen orrian eskela eta gorespen hitzak argitaratu zituen, bere ideia liberalak azpimarratuz. Herentzia ona utzi zuen ondorengoentzat: ia 200 langileko enpresa, hiru gunetan banatua, Grosen aroztegia, Pasaiako portuan egurren bilgunea eta Atotxako zezen plaza ondoan produktuak trenez ateratzeko gunea; Iparragirre kalean langileen etxea eta trinketa –egun bere horretan dagoena–, Prim kalean etxe oso bat, eta abar.

1909 urtean, enpresak Herederos Ramon Mugica izena hartu zuen, alargunak eta bost seme-alabak osatua. 1914 urtean Gros auzoan etxebizitzak egiteko presioa handia zela-eta Atotxako zezen plaza bota zutela probestuz, trenbide ondoan, 8.000 m2-ko lurzoruan eraiki zuten lantoki berria, Atotxako futbol zelaia eta Tabakalera tartean. Hortik sortu zen realzaleen Peña Mujikaren izena, fabrika ondoko harmailetan kokatzen zirelako.

Tolosako istripuaren ondoren, Saltra enpresak azido zianhidriko garraiatzeko beste zisterna hau erosi zion Herederos de Ramon Mugicari. OHLSSON FAMILIA

Orain CAF izenarekin ezagutzen dugun Beasaingo bagoi fabrikako zuzendaria izandakoa eta Ramonen Pepita alabarekin ezkonduta zegoen Olof Ohlsonen eraginez, tren bagoiak produzitzen hasi ziren 1916 urtean, Lehen Mundu Gerrak eskaera handia sortu zuelako. 1992 urtean enpresa itxi zenerako, 6.000 bagoi egitera iritsi ziren, bai ardoa, olioa eta elikagaiak, bai produktu kimikoak garraiatzeko.

1953 urtean, Irunen, bai Espainia, bai Europako tren sarearekin lotura zuen lurzoru handiagoa erosi eta fabrika berria eraiki zuten eta bertara eraman zuten produkzio osoa 1964 urtean. Atotxako fabrika bota zutenean, gaur egungo Atotxako dorrea eta inguruko etxeak eraiki ziren.

Eta Irunen, 1976 urtean azido zianhidrikoa garraiatzeko hiru zisterna egin zituzten eta horietako bat izan zen Tolosan istripua izan zuena. Ikusita zein erantzun egokia erakutsi zuen, Saltra enpresa garraiolari berberak beste zisterna bat enkargatu zien 1988 urtean.

Tolosa berriz jaio zen 1978 urtean eta orain badakigu tolosar batek horretan lagundu zuela.

 

GABRIEL ZELAIAREN JATORRI TOLOSARRA


Ramon Mujikaren iloba zen Rafael Gabriel Juan Mujika Zelaia Lezeta idazle ospetsua, 1911 urtean jaioa, 1928an Madrilera joan zen Industria Ingeniaritza ikastera eta Ikasleen Erresidentzian hartu zuen ostatu. Han ezagutu zituen Garcia Lorca, Salvador Dali edota Pablo Neruda eta giro horretan egin zen poeta.

Ikasketak amaitu, Espainiako gerra eta 1939an etxera itzuli eta familiak zuen enpresan hasi zen lanean. Bere lehen liburua Marea de Silencio Rafael Mujika izenarekin eman zuen argitara. Administrazio Kontseilutik zera esan zioten, «ingeniari-gerente batek bertsoak idazten zituela jakiten bazen, horrek kalte egin ziezaiokeela enpresaren sinesgarritasunari». Lanean eta bertsoak idazten jarraitu zuen, bere hirugarren izen-abizenekin, Juan de Lezeta, sinatuz.

1956an ingeniari lana eta familiaren enpresa utzi eta bide berri bati ekin zion. Madrilera joan zen bizitzera Amparo Gastonekin, literaturatik bizitzeko asmoz. Eta bigarren izen-abizena hartuz, Gabriel Zelaia ezaguna egin zen handik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!