Astelehenean ospatu zen Uraren Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, uraren astea antolatu du Tolosako Udalak, Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. "Baliabide natural honen garrantzia nabarmentzea eta herritarren artean ibaia eta itsasoa zaintzearen kontzientziazioa areagotzea da helburua, herritarrak ohartu daitezen kalean dauden estoldetan zaborra botatzen bada, zabor guzti hori ibaira eta itsasora joango dela", diote udaletik.
Balora dezagun ura! da aurtengo leloa, eta hori oinarri hartuta, uraren kalitateagatik eta bertako ekosistemetan sortzen duten kalteagatik, bi gai nagusitan jarriko da fokua: batetik, gure ibai ertzetan agertzen diren plastikoen gaia landu nahi da, hauek ingurumenean eragiten dituzten kalteei erreparatuz; bestetik, zigarrokinak lurrera botatzeak sortzen dituen kalteak ikusaraztea da helburua, estolderietatik ibaietara, itsasora eta lakuetara iristen direlako, eta deskonposatzeko 25 urte behar izateaz gain, zigarro baten mundrunak eta nikotinak 50 litro ur kutsa ditzakeelako.
Klima Aldaketak, uraren eskuragarritasuna gero eta irregularragoa izatea eta uraren kutsadura handitzea eragin du. "Egungo garapen ereduak eta munduko biztanleriaren hazkundeak gero eta ur gehiago behar izatera eraman gaituzte". Horregatik, uraren garrantzia azpimarratu nahian, hainbat ekintza antolatu dituzte.
Alde batetik, atzo eta gaur, erreka garbiketa egin dute Tolosako DBH-ko ikasleek, SAM zubian, Euskaldun Berria zubiaren inguruan, Andre Maria Elizaren atzealdean eta ikastolaren inguruetan egingo da garbiketa. Udalak aurten ez du herritarrentzat deialdi orokorrik egin erreka garbiketan parte hartzeko, osasun krisia dela-eta taldean aritzea ekidin nahi delako. Bestetik, zigarrokinen aurkako ekimena ere egingo da DBH-ko ikasle taldeekin. Herrian zehar lurrean topatutako zigarrokinak markatuko dituzte.
Bestalde, Itsasoa hemen hasten da lelodun bost plaka ipini dira Tolosako bost estoldatan: Korreo kalearen amaieran, Euskal Herria plazaren sarreran, Lopez Mendizabal plazan, Larramendi auzoko haur parkeko iturrian eta Zerkausiaren ondoan dagoen iturrian.
Zakarrontziak ere berrituko dira ibaira zein itsasora iristen diren hondakinak murrizteko. Ibaian bukatzen duten hondakin kopuru ugariena plastikoak dira, neurri handi batean, zakarrontziak ibaitik gertu daudelako edo haizeak eramaten dituelako. Horregatik, ibai ondoan dauden zakarrontziak pixkanaka lekualdatzea da helburua.