Tolosarrak ardatz, «herri bizia» jomuga

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 24a, 07:59

Iazko abenduan, 27 milioi euroko aurrekontua onartu zuen Tolosako Udalak, iazkoa baino %1,24 baxuagoa; lau helburu nagusi eta hainbat proiektu estrategiko biltzen ditu.

Abenduko osoko bilkuran onartu zen udal aurrekontua Tolosan, oposizioaren aurkako botoekin: 27.037.040 euroko poltsa izango du Tolosako Udalak, 2021ean, iaz baino %1,24 baxuagoa.

Olatz Peon alkatearen esanetan, ez da erraza izan aurtengo aurrekontua diseinatu eta osatzeko prozesua. «Gaur egungo egoerak ezarritako beharretara egokitu behar izan dugu. Errealitateak, kopuruak finkatzera behartzen zaitu, baina beharrezkoa da nolabaiteko oreka bilatzea, eta horretan saiatu gara». Hala ere, alkatearen ustez, «neketsuagoa» izan zen iaz onartuta zegoen aurrekontua berregokitzea, batez ere, «Foru Funtsetik heldu zen diru kantitatea inoiz baino baxuagoa izan zelako».

Jaitsiera hori, hala ere, aurreikusitakoa baino txikiagoa izan zen, eta Peonen iritziz, «uste baino kolpe leunagoa» jaso zuen udalak. Aurten bestelako alternatibak bilatu behar izan dituzte. «Zorionez, udalaren egoera ekonomikoa ona da, eta beraz, ez dugu zorpetzeko erabakirik hartu behar izan».

Aurrekontu osotik, 5 milioi euro baino gehiago bideratuko dira gizarte zerbitzuetara eta herritarren segurtasunera. Hiru arlotan dago antolatuta udala, eta herritarrenak aurrekontu osoaren %38a hartzen du. «Beharrek adierazten dute indarrak nora bideratu, baina guk herritarrak jartzen ditugu erabaki guztien erdigunean, beraiek dira ardatza».

Aurreztu gabe, erabili

Halaber, inbertsio soziala %9 areagotu da aurten, denera, 3 milioi euro bideratuz. «Aurrekontuko aldaketa handiena izan da. Gaur egungo egoeran, gora egin dute gizarte beharrek, eta horri erantzuteko egin da igoera. Gainera, beste hainbat alorretan banaketak egokitzea eskatzen du».

Bestalde, behar berriak sortu ahala, larrialdi egoerari aurre egiteko, soberakina erabiltzea edo zorpetzeak moduko aukerak mahai gainean jarriko dituztela adierazi du alkateak. «Ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatu behar da aurrekontua. Adibidez, kreditu modifikazioak egingo lirateke herritarrekin partekatua den proiektu bat aurrera eramateko, hurrengo urteko aurrekontura itxaron gabe. Ondorioz, soberakinak izanez gero, erabiltzeko beharra dagoela iruditzen zait. Administrazioek ez dugu aurrezteko beharra, dirua erabili egin behar da, herriaren beharrak asetzeko».

Erreferente izaten jarraitzeko nahia

Tolosako Udalak prestatutako aurrekontuak lau helburu nagusi ditu. Batetik, gizarte babesa bermatzea. «Larrialdietarako laguntzen, familientzako diru-laguntzen, esku-hartze programen nahiz etxez etxeko arreta zerbitzuaren bitartez edota alokairuaren ordainketa errazteko diru-laguntza lerro berria sortuz gauzatuko da hori».

Bestetik, Hiri Ekonomia suspertu nahi du udalak. Iaz abiatu zuten Suspertu Tolosa kanpaina, eta bertan parte hartu dutenek «balorazio oso ona» egin dutela aitortu du alkateak. Bonuen kanpainak ere balorazio oso ona izan du, eta aurreikusita dago aurten berriz martxan jartzea. «Hala ere, bada zer hobetua. Bideratutako diru guztia ez da banatu, ez dugulako moduetan edo diru-laguntzaren helburuan asmatu. Horrez gain, erakunde ezberdinen arteko koordinazio handiagoa falta da. Nire ustez, erakunde guztien artean landutako laguntza bakarra izatea litzake zentzuzkoena, deialdi bakarrekoa, eta modu errazago batean».

Herri dinamizazioari begira, ekimen ezberdinak egitea aurreikusten da. Izan ere, kultura babestu eta komunitatea sendotzea dira helburuetako beste bi. «Kultur arloan, Tolosak erreferente izaten jarraitzea nahi dugu, Tolosa ekintzen faktoria bat baita. Iazko udako eta udazkeneko eskaintza bereziek izandako arrakastari segida eman nahian, aurten ere kultur programazio indartsua prestatu da udaberrirako». Pazko astean, adibidez, jaialdi berri bat egingo da: Tolofolk. «Herritar talde baten ekarpena izanik, udalak antolatutako egitaraua ikaragarri aberastea dakar».

Ordenantza berria, bidean

Azken helburu modura, etorkizuneko Tolosaren oinarriak landu nahi ditu udalak. 2022an, koronabirusik gabeko herri bat nahiko luke alkateak. «Herri irisgarriagoa, jasangarriagoa eta berdeagoa izatea nahiko nuke, oinezkoei lehentasuna emango diena. Kulturalki eta ekonomikoki Tolosa bizi bat nahi dut, merkataritza sendoago batekin eta etorkizuna bermatua duen Azokarekin. Gazteek bertan bizitzeko aukera izango duten herri bat nahi dut, non arraza, jatorri eta adin ezberdinetako herritarren artean parte-hartzea modu naturalean emango den».

Komunitatea indartzeko asmoz, duela urte batzuk, Guztion artean Tolosatzen egitasmoa eta Tolosatzen Eskola Irekia jarri ziren martxan. Bertan jasotako ekarpenak, gainera, aurrekontuan txertatu dituzte. «Batez ere, herritarrek osatzen dute aurrekontua. Herritartasun aktiboa sustatzea bilatzen dugu, eta azpimarratzekoa da euren eskuzabaltasuna. Geroz eta presentzia handiagoa dute hartzen ditugun erabakietan, eta hori beharrezkoa da. Ez dute soilik entzutea nahi, bere iritziak kontuan hartzea eskatzen dute, eta hori ezinbestekoa da».

Bada, ordea, ezaugarri bat, beste herri batzuetan bai, baina Tolosan ez dutena: Gobernantza eta gardentasunaren ordenantza. «Une honetan ari gara garatzen, partaidetzan sakontzea eta herritarren ahotsa kontuan izango duten gobernantza eredu berriak, udal jardueraren egunerokoan txertatu eta sistematizatzea da helburua. Herriarentzat aurrerapauso garrantzitsu bat izango da, etorkizunera begira», adierazi du alkateak.

PROIEKTU ESTRATEGIKOAK

  1. Zumardi Txikia. «Une honetan, lizitazioan dago. Aurten, proiektua idatziko da, eta 2022an hasiko gara lanekin. Autorik gabeko gune bat nahi dugu, eta alternatiba ezberdinak aztertzen ari gara, 100 autorentzako espazioa bilatu behar baita».
  2. Kultur etxea. «Lizitazioan dago proiektua, datorren urtean martxan jartzeko. Bertan kokatu nahi da Udal Liburutegia, baina horrek bestelako kultur zerbitzuak lekualdatzea ekarriko luke. Azken urteetako aldaketa garrantzitsuenetako bat izango da».
  3. Emakumeen etxea. «Oso interesgarria izan zen egindako partaidetza prozesua; orain, zerbitzu honek duen beharra eta izan behar dituen kokapena eta izaera zehaztu behar dira. Legealdi honetan abiatuta utziko da».
  4. Etxebizitza hutsak birgaitzeko diru-laguntzak. «Etxebizitza hutsen azterketak ondorioztatutako beharrei erantzuteko, alokairuetarako laguntzak osatu dira, eta Alokabiderekin hitzarmena sinatu da, Bizigune programaren bitartez».
  5. Hirigintza proiektuak. Oiarbide ostatuaren eraikina erosi ondoren, osorik eraberrituko dute Gorriti Plaza; Euskal Herria plazako zorua lau fasetan eraberrituko dute; Gernikako Arbolan, bigarren faseari ekingo diote; sei hilabete iraungo dute Laskoain kaleko lanek, jada egonkortu dute Larramendi kaleko biribilgunea eta Paper kalea eraberritzeari ekingo diote.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!