Bigarren faserako gogoz bukatu dute lehenengoa

Ataria 2021eko martxoaren 23a

Asteburuan jokatu zuen Tolosa CF-k Añorgaren aurkako partida. AGERREMEDIA.COM

Tolosa CF-ko 1. Maila Nazionaleko futbol taldeak bukatu du ligaren lehen fasea, azken hiru partidak irabazita.

“Puntuak lortuta hainbeste kostatu ondoren, ikusi dugu hazken hiru partidak irabazita lortutako bederatzi punturekin jauzi handi bat egin dugula”, esan du Imanol Cabero entrenatzaileak. Asteburuan sailkapenean bigarren doan Añorgari 1-0 irabazi zioten etxean tolosarrek. 

Bere multzoan Bosgarren bukatu dute lehen fasea, 16 punturekin, eta beraz, bigarren fase honetan mailaz ez jaisteko borrokatuko dute. 11 talde izango dira bigarren faseko multzo berrian, lehen faseko bere multzotik bost talde eta beste multzotik sei talde. Hain justu beste multzoko sei talde horien aurka jokatu behar dute orain, etxean zein kanpoan, eta atsedenik izan gabe, asteburu honetan hasiko dira lehian. 11 talde horietatik zuzenean azken bost taldeak jaitsiko dira mailaz. Horrez gain, beste talde bat jaitsiko da, kategori berean dagoen beste zonaldeko multzoko seigarrena eta euren multzoko seigarrena alderatuz, puntu gutxien duen taldea. 

Fase berri honetan lehen bost postuetan sailkatzea dute helburu, zuzenean jaitsiera ekiditeko. “Bagenekien aurten jaitsiera asko izango zirela”, esan du Caberok. “Azken aste hauetan gauzak asko aldatu dira, hiru garaipenekin, eta orain beste itxura bat du guretzat bigarren fase honek. Gogoz gaude jokatzeko eta ikusteko ze maila dagoen beste taldeetan”. Fase honetan azken partidetako jokoarekin jarraitu nahi dutela gaineratu du entrenatzaileak: “Defentsa aldetik ondo egon, eta pixka bat zuzenago jokatu”. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!