'Maixabel' filma grabatzen jarraituko dute datozen egunetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 23a, 15:59

Grabaketak direla eta, bihar eta etzi Zerkausia itxita egongo da, hainbat aparkaleku hutsik utzi beharko dira eta oinezkoen eta trafikoaren mugikortasuna moztu egingo da hainbat kaletan.

Bihar (asteazkena) eta etzi (osteguna), Maixabel filmaren grabaketa gehiago egingo dituzte Tolosan. Egun osoan zehar izango dira grabaketak, barruan zein kanpoan, eta filmeko eszena garrantzitsuak grabatuko dira, besteak beste, Juan Mari Jauregiren hilketa eta hiltzaileen ihesa.

Grabaketa lanetarako herriko espazio ezberdinak erabiliko dira, hala nola, Kasino elkartea, Zerkausia, Plaza Zaharra, Andre Mari plaza, Naparzubia, San Frantzisko pasealekua, Nafarroa etorbidea, Oria kalea, Zumalakarregi pasealekua edota Bentaundi auzoa.

Grabaketak direla eta, bihar eta etzi Zerkausia itxita egongo da, hainbat aparkaleku hutsik utzi beharko dira eta oinezkoen eta trafikoaren mugikortasuna moztu egingo da hainbat kaletan.

Aparkalekuak, hutsik

Plaza zaharra eta Andre Mari plaza grabaketarako kamioiak aparkatzeko erabiliko dira. Bestetik, Nafarroa etorbidea, Oria kalea, Zumalakarregi kalea, Rondilla kalea (Trianguloa plaza parean), Araba etorbideko atzealdeko plazak eta Bentaundiko bi aparkalekuak autoz libre utzi beharko dira. Udaltzaingoak seinaleen bidez jakinaraziko du zein gunetan ezingo den aparkatu.

Mozketak, ostegunean

Bestalde, ostegunean, behin-behineko mozketak egingo dira eremu eta kale ezberdinetan. Oinezkoenak, besteak beste, Plaza Zaharrera ematen duten kaleetan, Ibaiondo kalean eta Solana kalean egingo dira; trafiko mozketak, berriz, San Frantsizko pasealekuan, Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Zumalakarregi kalean. Bentaundin ere trafikoa moztuko da, baita GI-2634 bidegurutzean ere.

Udalak aurrez barkamena eskatu die herritarrei, grabaketa lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!