Oroimen beltzari, marra gorria

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 23a, 07:59

Apirilaren 30era bitarte, 'Burgosko Prozesua. Frankismoari epaiketa' erakusketa bisitatu daiteke, Aranburu Jauregian; gertaera historiko hura ezagutzeko aukera eskaintzen da, testigantza eta guzti.

Burgosko Prozesuak 50. urteurrena bete eta gutxira, gertaera hari buruzko erakusketa jarri dute, Aranburu Jauregian, Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean. Memoria berreskuratu eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala ahalbidetzeko udalak antolatutako Bizikidetza sustatzen ekitaldi zikloaren baitan kokatzen da erakusketa.

Frankismoari epaiketa egitasmoa eta garaiko 173 agiri eta testigantza biltzen ditu esposizioak, eta ikusgai dago apirilaren 30era bitarte. «Azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria beharrezko balioa da benetako kultura demokratikoa eraikitzeko, elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan oinarritutakoa, eta iraganeko akatsetan erortzea eragotziko duena», esan du Eider Mendoza foru diputatuak.

Mendozak jakinarazi du, gainera, Burgosko Prozesuaren ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikertzaileen artean izendatzaile komun bat badago, hori «epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia» dela. «Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen, eta protesta haiek itzaltzea ezinezkoa zela erakutsi zien orduko agintariei».

1968: Inflexio-puntua

Epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. 1970eko abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buruaren heriotzan parte hartzea leporatuta, ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, Giza Eskubideen ikuspegitik. «Bizikidetza elkarrekin egin beharreko bidea da, eta beraz, ezinbestekoa da gure iragana ezagutzea, gure herrian bizi izandako gertaerak kontatzea, indarkeria eta giza eskubideen urraketak azaleratzea eta biktima guztien aitortza sustatu eta erreparaziorako eskubidea bermatzea», adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak.

Hiru bloke ditu erakusketak. Lehenengoan, testuinguru historikoa islatzen da; bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azaltzen dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatzen da.

1968an gertatu ziren Jose Antonio Pardines Arcay guardia zibilaren hilketa eta Meliton Manzanasen aurkako atentatua islatzen duten marra gorri bat dago erakusketako azken gelan. «Inflexio-puntu bat izan zen garai hura, eta hori islatu nahi dugu», esan du Javi Buces Aranzadiko ikertzaile eta erakusketako komisarioak. Hilketa haiekin batera, diktadurak nabarmen gogortu zuen errepresioa; ETAk Pardines hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten bi guardia zibilek Tolosako Bentaundi auzoan. «Errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez aurre ikusi behar dugu, oroimena eta bizikidetza osasuntsua sustatzeko», nabarmendu du alkateak.

519 urteko kartzelaratzeak

Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan jazo zen gertaera historiko hura. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan eta epaiaren ondoren, polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak salbuespen-egoera dekretatu zuen Gipuzkoan, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, 200 atxilo izan ziren.

Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. «Gau hartan, bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta hurrengo egunean lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean ordeztu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark», azaldu du Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadiko ikerlariak.

Peonek eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei eta Arazandi Zientzia Elkarteko ikerlariei, erakusketa posible egiteagatik. «Gertaera historiko haren testuingurua eta Euskal Herriko hurbileko historian izandako eragina ezagutzeko aukera emango digu», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!