Martxan da aurtengo Gipuzkoa Encounterra

Leyre Carrasco 2021ko mar. 20a, 12:48

2020an antolatu zen Gipuzkoa Encounter birtuala

Bizi dugun egoera dela eta, lanpartyaren 15. edizioa bigarren aldiz modu birtualean ospatu dute aurtengoan.

Gipuzkoa Encounter festa teknologikoa plazarik gabe geratu da bigarren edizio birtualean. Izena eman duten ehunka lagunek egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute, “party presentzialen ekintza kopuru oso antzekoa” izango baita, Euskaltel Fundazioaren arduradun eta ekimenaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan.

2020an egindako lau online topaketetan ikasitakoa eta partyak digitalizatzeko garatutako tresnak azpimarratu ditu San Vicentek. Izan ere, horiei esker “aurrekoa baino hobea izango da aurtengo Gipuzkoa Encounter”. Guztira, bilkurak 456 teknologia zale elkartuko ditu ostiralean hasi zen eta bihar arte martxan egongo den ekimenak. Bertan, dozenaka ekintza, lehiaketa eta prestakuntza-hitzaldi eskainiko ditu informatikaren, programazioaren, sormen digitalaren eta bideo-jokoen arloetan.

Euskalteleko presidente Xabier Iturbek bigarren Gipuzkoa Encounter birtuala antolatu duen “lantaldearen lan eta esfortzua” goraipatu ditu, eta 2021eko bilkura iazkoa baino are arrakastatsuagoa izango dela iragarri du. 2020ko edizioa, hain zuzen, alarma-egoera ezartzearekin batera egin zen eta ohiko formatu presentziala egun gutxitan eraldatu behar izan zen.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Leyre Madariagak prestakuntzaren atala nabarmendu du, publiko zabalaren interesei erantzuteko helburuarekin antolatu baitira hitzaldiak. Hizpide izango dira marketinarekin eta komunikazioarekin loturiko gaiak nahiz robotikaren, adimen artifizialaren, programazioaren eta musika sorkuntzaren arloetako azken aurrerakuntzak, Madariagak jakinarazi bezala. Antolatutako 12 hitzaldiak edonorentzat ikusgai izango dira, zuzenean, Euskal Encounterren Youtubeko eta Twitcheko kanalen bitartez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak, aldiz, ekimenak digitalizazioaren alde egindako apustua txalotu du. “Gipuzkoa Encounterrek konpetentzia digitalak sustatzen ditu aisialdia eta formakuntza uztartuz, eta hori da, hain zuzen, gure erronka nagusietarikoa gizarte nahiz lurralde gisa”, adierazi du. Ahaldunak topaketa birtualaren lankidetza-bokazioa ere azpimarratu du. Bere hitzetan, “talde lana oso garrantzitsua da gipuzkoarron gaitasun eta lehiakortasun ekonomikoa garatzeko”, baita digitalizazioaren arloan lurralde oreka handiagoa lortzeko ere.

Twitch plataformaren bitartez igorritako aurkezpen ekitaldian ere esku hartu du Tolosako Udaleko Kultura, Gazteria eta Festak arloko zinegotzi Izarne Iglesiasek. Topaketa birtualak ondo pasatzeko eta teknologia berrien inguruan ikasteko aukera emango duela baieztatu du, bai parte-hartzaileei eta bai zabalik eskainiko diren emankizunekin bat egiten duten pertsona guztiei ere.

Lehiaketak
Partyak 22 lehiaketa izango ditu, hainbat arlotan banatuta. Horrela, arte digitalean 11 kategoria egongo dira, musika digitaletik hasi eta film laburretaraino, diseinu grafikotik pasatuz. Horrela, Gipuzkoa Encounterreko artisten bilgune bihurtuko da sormen digitaleko atala. Hardware arloan, 3D inprimaketa edo ordenagailuen aldaketa estetikoa barne hartzen dituen eremuan, sei lehiaketa egongo dira. Halaber, software librearen eremuak, programatzaileak, informatikoak eta zibersegurtasunean adituak biltzen dituen guneak, bi lehiaketa izango ditu. Ez dira faltako jolas-jarduerak; hala nola marrazki analogikoa edo zinemari buruzko ‘Trivial’ moduko jokoa. Party-etan jarduera gehien izaten duen bideo-jokoen arloari dagokienez, bederatzi lehiaketa eskainiko ditu, League of Legends txapelketa barne. Oraingoan ere, Circuito Tormentaren, Estatuko joko honetako liga amateur garrantzitsuenaren, geldialdietako bat izango da Gipukoa Encounter.

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!