Mendekotasuna duten adinekoen zaintzaileei laguntzeko modu berriak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 18a, 07:58

Zaintza lanetan aritzen direnen jarduna errazteko baliabideak eskaintzen ditu OKencasa programak; Tolosan, hamasei zaintzailek hartzen dute parte.

OKencasa aplikazio informatikoa mendekotasuna duen adineko pertsona bat zaintzen dutenei laguntzeko programa da. Azaroan aurkeztu zen Tolosan Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimena, zaintza lanetan aritzen diren herritarren eguneroko jarduna errazteko baliabideak eskainiz.

Orduan aurkeztu zitzaien programa hau Tolosako familiei, eta abenduan hasi ziren aplikazioa erabiltzeko formakuntza saioak. Otsailean, laguntza zuzena heldu zaie familiei, eta ekaina amaitzearekin batera bukatuko da programa. Une honetan ez dago familia gehiago sartzeko aukerarik, izen-ematea itxita dagoelako, baina etorkizunean deialdi gehiago egitea aurreikusten da. Izena ematen duten zaintzaileei, ebaluazio test bat egiten zaie lau hilean behin, beren egoera aztertzeko.

Era guztietako egoerak

Familia bakoitzean dauden zaintzaile kopuruari erreparatuz gero, Tolosako familia gehienetan, pertsona bakarra arduratzen da mendekotasuna duen adinekoa zaintzeaz. Horrela gertatzen da programan parte hartzen duten hamabi familiatan. Hiru familiatan bakarrik daude bi zaintzaile, eta familia bakarrean, lau.

Mendekotasun egoeran dauden adinekoetan patologia ohikoenak dira mugikortasun arazoak (%31). %6ak Alzheimerra du, baita dementzia, diabetesa, iktusa, parkinsona, eskizofrenia edo psikosi maniako-depresiboa, eta badira beste patologia mota batzuk dituztenak ere (%19). Mendekotasun graduei erreparatuz, %44ak du lehen gradua; %50ak, bigarrena; eta %6ak, hirugarrena.

Lautik hiru, emakumezkoak

Tolosan, mendekotasuna duten hamasei adinekoren zaintzaileek hartzen dute parte OKencasa programan. Zerbitzura atxiki diren zaintzaileen %73 emakumezkoak dira, eta %27, gizonezkoak. Emakumezko zaintzaileen kasuan, %69 adinekoen alabak dira, eta %25 bikotekideak. Adinari dagokionez, gehienek (%44) 56-65 urte bitartean dituzte. 46-55 urte bitartekoak %25 dira, eta 75 urtetik gorakoak, berriz, %19.

Gizonezko zaintzaileen kasuan ere antzera gertatzen da: %50 dira semeak eta %33 bikotekideak. Adinari erreparatuz gero, gehiengoak (%32) 56-65 urte bitartean dituen arren, beste adin tarte batzuek ere badute pisua: %17, 30 urtetik beherakoa da; beste %17ak, 30-45 urte bitartean ditu; beste %17 batek, 66-75 urte bitartean; eta, azkenik, beste %17a, 75 urtetik gorakoa da. Harremanetarako erabiltzen duten hizkuntzari dagokionez, emakumeen artean, %50ak euskara erabiltzen du; gizonezkoen artean, berriz, %100ak gaztelania.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!