Txotxongiloen eguna gogoan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 18a, 09:59
La Negra taldearen 'Nautilus' lana izango da ikusgai Topic zentroan.

Txotxongiloen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau berezia antolatu du Topic zentroak larunbatean: hagaxka tailerra izango da, eta ondoren ikuskizunaz gozatzeko aukera proposatu dute.

Txotxongiloen Nazioarteko Eguna ospatzen da martxoaren 21ean 2003. urtetik, eta Tolosako Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroak bat egingo du aurten ere egunarekin. Hain justu, larunbaterako antolatu du Topic-ek ikuskizun bat eta tailerra, gaztetxoek nahiz helduek elkarrekin parte hartzeko.

Batetik, 18:30ean, Nautilus izenburudun ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Nemo kapitaina izango da protagonista. Itsasoa da bere bizitza, eta kezkatuta dago, zabortegi bihurtzen ari direlako, eta ondorioz, arriskuan ikusten duelako. Nemok hori gertatzea saihestu nahi du, baina laguntza beharko du horretarako.

Ikuskizunaren aurretik, baina, tailer berezia ere egingo dute Topic zentroan. Familia guztiari zuzendutako hagaxka tailerra antolatu dute, 17:30ean hasita. «Bertan, hainbat belaunaldik parte hartu ahal izango dute: aitona-amonek, osaba-izebek, gurasoek eta haurrek, jakina», esan dute.

Ikuskizunaz gozatzeko sarrerak www.topictolosa.com helbidean eskuratu ahalko dira, eta tailerrean parte hartzeko,943 65 04 14 telefono zenbakira deitu beharko da. Ikuskizunaz gozatu eta lantegian parte hartu nahi dutenentzat, haurrentzako sarrera 8 eurokoa izango da, eta murriztua 7 eurokoa. Helduentzat, berriz, 10 euro balioko du sarrera ohikoak, eta murriztuak, berriz, 8 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!