Kultura Indarberritzeko Plana osatu du Tolosako EH Bilduk

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 18a, 07:59

Herriko 22 norbanako eta eragileekin elkarlanean egin du; 300.000 euroko aurrekontuarekin, 2020koa mantenduz, 26 gune ezberdinetan 60 kultur ikuskizun programatzea proposatzen dute.

Agerikoa da koronabirusaren pandemiak goitik behera eragin duela kultur programazioan eta eskaintzan. Horrela, segurtasun neurriek, eta batez ere, osasun larrialdiak sorturiko beldurrak kultur jardueran eta eszenari zuzen-zuzenean eragin diote. Tolosako EH Bilduk, gaiak duen garrantzia ikusita, Kultura Indarberritzeko Plana osatu du, herriko kultur eragileekin elkarlanean. "Kultura babestu beharreko alorra da", aldarrikatu dute.

Guztira, Tolosako 22 norbanako eta eragilek hartu dute parte planaren osaketan eta ekarpenetan. "Egoeraren diagnosia egin, plana idatzi, eta ondoren proposamena kontrastatu da eragileekin", esan du Andu Martinez de Rituerto zinegotziak. Oposizioko ordezkariak, halaber, gogoratu du proposamen "mardula" dela, "lan handia eskatzen duena".

Kultur plan honek, bi helburu ditu. "Alde batetik, herritarrak kulturaz modu seguruan gozatzeko aukera eskaintzea, herriko txoko, auzo eta gune desberdinetan programazio jarraitu eta anitza eskaintzen; eta bestetik, sortzaileei eta teknikariei lan egiteko aukera eskaintzea, azken finean, indartu beharreko jarduera ekonomikoa ere badelako; biharko egunean, behin pandemia igarota, kultur emaria eten ez dadin", azaldu du Martinez de Rituertok. Plan osoa, gainera, eskuragarri dago Tolosako EH Bilduren web-orrian.

Eragileen ekarpenak bildu eta gero, udaleko kultur zinegotziari eta kultur teknikariei aurkeztu diete plana. "Bat egiten dute diagnostikoarekin eta kultur jarduna indartzearekin, eta auzoetara mugitzearen ideiak ere interesa piztu du. Guk, behintzat, mugimenduak ikusi ditugu azken egunotan. Beraz, pentsatzekoa da hainbat ideia izango dituztela eta kreditu txertaketa baten bitartez, kulturak finantzazio handiagoa izango duela. Guk, behintzat, proiektu honen bitartez, gure herriko kultur panorama indartuta aterako denaren itxaropena dugu". 

Plan hau, Tolosako Udalak kultura eta festetarako iaz zuen aurrekontu proposamena 2021eko aurrekontuetan eutsiz finantziatzea aurreikusten da. "Esan beharra dago, aurrekontu honek, 300.000 euroko jaitsiera izan duela aurten, eta 2020ko inbertsioa mantenduz, 300.000 eurokoa da plan hau aurrera eramateko aurrekontua", adierazi du oposizioko zinegotziak. Aurrekontu horrekin, 60 ikuskizun programatzea aurreikusten dute, herritarrentzat doan izango direnak. "Hori horrela, ikuskizun bakoitzak, bataz beste, 5.000 euroko aurrekontua izango du", gaineratu du.

Gainerako eskaintzarekin bateragarria

Oraingoz, urtean zeharreko eskaintza kulturalarekin jarraitzen du Tolosak, batez ere Leidor antzokiko programazioarekin. "Honekin eta gainerako eragileek antolatu ohi dituzten jaialdi eta saioekin bateragarri izango da plan hau, bikoizketak ekidin, eta bakoitzaren egutegiak eta ordutegiak errespetatuz, eta orekari eutsiz. Hau horrela, formatu txikiko ekitaldi kulturalak burutzea proposatzen da, larunbat, igande eta jai egunetan zein udan zehar", esan du Aitzol Garcia alderdiko ordezkariak.

Kokapenari dagokionean, herriko gune desberdinetan urte guztiko programazioa osatzea da asmoa, saioak, landa auzo, herrigune zein auzoetan antolatuta. "Denera, 26 kokaleku identifikatu dira eragileekin elkarlanean. Eguraldi txarraren baitan aproposak izan daitezkeen kokapenak ere aztertuko dira, behar izanez gero, estalkiak jarrita ekitaldi kulturalak aurrera eramatea bideragarri izango direnak", azaldu du Garciak.

Kultur jardun anitza proposatzen da eta zentzu horretan, musika, antzerkia, dantza, txotxongilo, bertso, pailazo, clown eta bakarrizketak zein bestelako arte diziplinak jorratzea zehazten du planak. "Bertako zein kanpoko sortzaileen parte hartzea bermatzen beti ere, euskaraz eta euskal kulturaren sustapenean lanean diharduten eragileak lehenetsita, nola ez, Tolosako sortzaileek lehentasuna izango dute kultur egitasmo honetan. Aldi berean, adin tarte desberdinentzat egokitutako eskaintzak presentzia izango du programazioan, eta eskainiko diren ekitaldien ehuneko finko bat, adin talde desberdinentzat aproposa izango dela aurreikusiz osatuko da agenda".

Egitarau hau osatu eta lantzeko jarraipen mahaia eratzea proposatzen du EH Bilduk, "eragileen eta kultur teknikarien elkarlanaren bidez sortuko delako eskaintza orekatu eta egokiena". Auzo elkarteen bidez, programazioaren kokapena zehaztu nahi da, "bere proposamenak aztertzearekin batera, eskaintza hau modu orekatuan herriko txoko eta auzune desberdinen artean banatuz". Planak proposatzen duen eskaintza kulturala osatzeko, udalak lan eta jarraipen batzordea martxan jartzea ere proposatzen dute. "Etorkizunean ere, herriko kultur eragileekin batera agenda kulturala lantzeko tresna izango da".

Dinamika berreskuratzeko beharra

Plan hau lantzerako orduan, artista eta eragileek hainbat behar eta kezka ere azaldu dituztela aitortu dute EH Bildutik. "Argi dago, pandemiaren ondorioz, euren egoerak okerrera egin duela, eta azaleratu den arazoetako bat da orain arteko entrenamendu eta entsegu dinamika jarraitua eten behar izatea. Tolosako Udalak azpiegiturak eta beraien aktibitate artistikoak gauzatu ahal izateko lokal eta tailer egokituak uzten dizkie sarri talde horiei, baina pandemia egoerarekin horiek erabiltzeko aukerak oso talde gutxitara murriztu dira. Honek, artisten jarduna eragotzi du, zenbait kasutan taldeen dinamikak ezerezean uzteraino", esan du Aitana Amondarain zinegotziak.

Arazo honen aurrean, plan hau garatzearekin batera taldeen beharrei erantzuna emango dien azpiegituren aurreikuspena egin beharra azaleratu nahi du EH Bilduk. "Une honetan, profesionalak ez diren jardun artistikoak mugatuta badaude ere, larrialdi egoera arintzen denerako, modu seguruan euren jardunari ekin ahal izateko azpiegiturak aurreikusi behar ditu udalak, sortzaileek ahal bezain pronto euren ohiko dinamika berrekin ahal izateko", gehitu du Amondarainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!