Bilerak, Euskal Herria plazako arkupeetako lanak direla eta

Ataria 2021eko martxoaren 18a

Aurki berrituko dute Tolosako Euskal Herria plazako zorua eta lanekin hasi aurretik, Tolosako Udala bertako bizilagunekin, ostalariekin, Topic-eko ordezkariekin, plazan kokatuta dagoen hoteleko jabearekin eta azokagileekin elkartuko da proiektuaren nondik norakoak azaldu eta lanen inguruko zehaztapenak emateko.

Bilerak martxoaren 22an, astelehenean, egingo dituzte. Goizean ostalarien, Topic-eko ordezkarien eta hoteleko jabearen txanda izango da eta arratsaldean bilduko da bizilagunekin. Bizilagunen bilera batzar aretoan izango da, 19:00etan, eta bertan egongo dira alkatea, udal teknikari eta ordezkariak eta obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako kideak. Bileretan parte hartzeko aurrez eman behar da izena eta gaur da azken eguna. Udaten eman behar da  udate@tolosa.eus helbidera idatzita, edota 010 eta 943 65 44 66 telefono zenbakietara deituta. Era berean, datozen egunetan azokagileekin harremanetan jarriko da udala eta larunbatero bertan beren postua jartzen dutenekin ere elkartuko da.

Euskal Herria plazako arkupe azpiko zorua berritzeko lanak faseka egingo dira. Lanak hasi baino astebete lehenago jakinaraziko da obren hasiera eta zorua berritzearekin batera eserlekuak berritu eta iturria txukunduko dela aurreratu du Tolosako Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!