Irteerak, gazteen mendizaletasuna sustatu ahal izateko

Ataria 2021ko mar. 18a, 15:30

Zumardia elkarteak mendi eskola eskainiko die 2009 eta 2012 urteen artean jaiotako gazteei apirilean, maiatzean eta ekainean.

Zumardia elkarteak 9 eta 12 urte arteko gazteei zuzendutako mendi eskola egingo du datozen hiru hilabeteetan. Hilero irteera bat egingo dute igande goiz batean eta gazteek Aiako Harriak, Aralar eta Aratz-Aizkorriko txokoak ezagutzeko aukera izango dute.

2009 eta 2010 urteen artean jaiotakoek apirilaren 18an, maiatzaren 9an eta ekainaren 6an egingo dituzte irteerak. Eta 2011 eta 2012 urteen artekoek aldiz, apirilaren 25ean, maiatzaren 23an eta ekainaren 20an. 
Gazteak 10:00etan aterako dira Tolosako Usabal kiroldegitik eta bertan antolatuko dira kotxeetan. 19:00etan itzuliko dira Tolosara. Parte hartzeko 65 euro ordaindu behar dira eta bazkide direnek 59 euro.
Ibon Artola mendi kirol teknikari eta mendi gidariarekin egingo dituzte irteerak. Taldea osatzeko gutxienez 6 pertsonek eman behar dute izena eta gehienez 12 pertsonek osatu beharko dute.

Helburuak
Zumardiak esan duenez hainbat helburu ditu mendi eskolak; haur eta gazteenen artean mendizaletasuna zabaltzea, jarduera fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea, segurtasuna, ingurumena eta orientazioa bezalako edukiak ezagutzea eta mendizaletasunari lotuta dauden laguntasuna eta errespetua bezalako balio sozialak lantzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!