Saforen poesia jorratuko du Galtzaundiren irakurle taldeak

Ataria 2021eko martxoaren 17a

Urteko lehen hiruhilekoa amaitzeko, poesia landuko dute; hilaren 26an izango da hitzordua, 18:00etan, Tolosako kultur etxean eta Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Saforen poesia biltzen duen Safo: poesia guztia olerki bilduma izango da jorratuko den irakurgaia. Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, www.galtzaundi.eus webguneko galdetegia bete behar da, eta ondoren, emailez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak.

Maitasuna kolore askotakoa dela erakusten dute, beste gauza askoren artean, Saforen poemek, eta haren presentzia nabarmena da olerki guztietan. Saforen poesia ulertzeko, beraz, behar-beharrezkoa da maitasuna bere zentzurik zabalenean ulertzeko prest egotea, Safok berak maitasuna iruditzen duela onartzeraino. Dena den, komeni da ez ahaztea bertso lerro haietatik gaur egunera ia-ia hiru mila urte igaro direla, eta gogoan izan behar da haren hitzak ezin ditugula inola ere gure begiekin neurtu. Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!