Tolosaldea IKT Gipuzkoako Kopan nagusitu da

Imanol Garcia Landa 2021eko martxoaren 17a

Tolosaldea IKT taldeko igerilariak, Gipuzkoako Kopa irabazi berritan.

Emakumezkoetan zein gizonezkoetan irabaztea lortu dute igerilariek, «sekulako denborak» eginez.

Tolosaldea IKT taldeak nagusitasunez irabazi du Gipuzkoako Kopa, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Guztira 21 igerilarik parte hartu dute taldeka jokatzen den txapelketa honetan. «Oso gustura gaude, sekulako txapelketa izan delako», esan du Nerea Pagola teknikariak. «Bietan izan gara irabazle, baina nabarmendu nahi duguna da igerilariek egin duten lana eta lortutako denborak. Igerilarien %80 edo %90ak beraien denborak hobetu dituzte, eta horregatik izan da izugarria egin dutena».

Aurten denboraldiaren prestaketa «arraro samarra» izan dela nabarmendu du Pagolak, ez zekitelako egutegia nolakoa izango zen. «Horregatik oso pozik gaude, gazteenetatik hasita beteranoetara oso maila ona eman dutelako. Erreleboetan ere hobekuntza izan da, orokorrean izan da hobekuntza, eta sekulako amaiera eman diogu neguko denboraldiari».

Hurrengo lehiaketa Espainiako Txapelketa izango da, maila absolutuan, hemendik bi asteburura. Bertan taldeko bi igerilarik parte hartuko dute, Eneko eta Maddi Barriola anai-arrebek. Enekok 100 metro eta 200 metro bizkar estiloko probetan parte hartuko du, eta Maddik 200 metro tximeleta estiloan. «Proba bakoitzean hamar onenek bakarrik parte hartu ahal dute, eta horregatik sekulako meritua dute biek, sailkatzea lortu dutelako», esan du Pagolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!