Norbera bere etxetik, baina denak elkarrekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 17a, 11:59

456 informatika zale bilduko ditu Gipuzkoa Encounter jaialdiaren 15. edizioak; iaz bezala, 'online' egingo da eta nahi duenak, Twitch bidez ikusi ahal izango du.

Hemen da teknologia berrien eta informatika zaleen topaketa. Gipuzkoa Encounter 15 jaialdiak ez dio urteroko hitzorduari huts egingo, eta iaz bezala, larrialdi egoerak ezarritako neurrietara egokituz, online egingo da. Gipuzkoa Encounter 15 teknologia berrien zaleen topagune izan nahi du. Ostiral honetan hasiko da lanpartya, 10:00etan, non-stop moduko bat izango da, igande eguerdira arte luzatuko baita, eta partaide askok lo-ordu gutxi izango dituzte tartean.

Tolosako Usabal kiroldegian egin ohi den topaketa presentzialaren ordez antolatutako topaketa birtualak, dozenaka jolas- eta heziketa-jarduera ludiko, lehiaketa eta hitzaldi izango ditu baina parte-hartzaile bakoitza bere etxetik ariko da. «Lehen, Usabalera gerturatzen zirenek, bertatik bertara gozatzen zuten giroaz. Orain, ordea, ezkutuan geratzen dira ikusleak, eta xarma hori galtzen du jaialdiak», adierazi du Sabino San Vicente antolatzaileak. Hori apurtzeko, Twitch bitartez eskainiko da jaialdia, www.twitch.tv/euskalencounter loturan.

Iazko esperientzia, ederki datorkie antolatzaileei. Orain, lanparty presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten tresna propioa, partyNet izenekoa, egokitzen ari dira, bere osotasunean internet bidez erabili ahal izateko. «Iaz sortutako tresnak hobetu ditugu urte honetan, eta horri esker, partaideekin dugun harremanean gertutasuna areagotzea lortu dugu. Modu honetara lana nola egin ikasi dugu, eta etorkizunean, jaialdia presentziala izaten bada ere, hainbat elementu mantentzea aurreikusten dugu».

Izena emateko presarik ez

Azken urteetan sekulako bilakaera izan du jaialdiak. 2006an hasi ziren, 256 ordenagailurekin; azken urteetan, ordea, 200 erabiltzaile gehitu dira, eta itxaron zerrendan, ia 1.000 izaten ziren. Aurten ere, 456 lagunentzat egin dute tokia, eta atzo behintzat, 30 plaza zeuden libre. Horiek datozen egunetan betetzea aurreikusten dute. «Orain partaideek ez dute presarik, lehen, izena emateaz gain, lekua ere hartu behar zelako. Askok azken unera arte itxaroten dute». Interesa dutenek www.gipuzkoaencounter.org edo www.encounter.eus webguneetan topatuko dute informazio guztia.

Izena ematen dutenek, lanpartyko ekimen anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako areto birtualak topatuko dituzte (kiroldegia, kafetegia...), eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izena emateko aukera izango dute, baita elkarren artean harremanak izateko eta proiektuak partekatzeko aukera ere.

Gutxi gorabehera, betiko profil mota errepikatuko da aurten ere. «Oro har, %70ak errepikatzen du, eta %30 izaten da partaide berria. Edonola ere, parte-hartzaileen arteko kontaktua bermatzen saiatuko gara. Guk dugun intranetari (kasu honetan, estraneta) esker, partaideak taldeetan antolatzen dira, eta gure webgunetik zuzenean igaroko dira Discordera» azaldu du San Vicentek.

Era berean, festatik kanpo gelditzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, eduki batzuk irekiak izango baitira. Online eskainiko diren doako prestakuntza-hitzaldiak eta topaketa birtuala gidatuko duen programa doan entzun ahal izango dira, arestian aipatutako Twitch orrialdean. Esaterako, inteligentzia artifizialari, streaming on bat egiteko aholkuei, 3D inprimaketari edota deepfake efektuari buruzko solasaldiak izango dira. Bestalde, Opengune atalera edonor sartu daiteke, aurrez izena eman gabe.

Norberak bere etxeko abiadura

Isolamendu eta murrizketa garai hauetan, Gipuzkoa Encounterrek teknologia-zaleen elkartasuna sustatu nahi du, baita prestakuntzarako eta ondo pasatzeko aukerak eskaini ere. «2020an, Euskal Herria mailan nahiz lurraldeka egindako topaketak dira aurtengo edizioen erakusgarri eta abiapuntu onenak, guztiak arrakastatsuak izan baitira parte-hartze aldetik. Hala ere, benetan pozgarria litzateke 2022an Usabalen ospatu ahal izatea».

Usabalen egiten zenean, internetaren abiadura oso azkarra izaten zen. Orain, ordea, norberak bere etxean duen konexio motarekin moldatu beharko du. «Euskaltel Fundazioarekin elkarlanean antolatzen dugunez, Euskalteleko konexioa duenak, abiadura handiagoa izango du», esan du antolatzaileak.

Esan bezala, Euskaltel Fundazioak antolatu du bilkura, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren laguntzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!