Denok daukagu horrelako mordoa disko gogorrean gordeta, behin ere ahaztuko ez ditugun uneak janzten dizkiguten piezak. Garrantzitsuenak zureak dira, baina oraindik ezagutzen ez ditudanez, nire batzuk kontatuko dizkizut hemen.
Cannabis - Ska-P. Hamar bat urte izango genituen. Garai hartan, askotan joaten nintzen nire gelako Anderren etxera, bazkaltzera eta. Behin, Iñaki bere anaia zaharrenaren kaseteak jartzen hasi zen, ohean eserita geundela, niri musika haiek erakusteko. Tartean, hauxe. Ez neukan arrastorik ere zer esan nahi zuen estribilloko «lega-legalizacion» itsaskor hark, baina ezin izan nuen denboratan burutik kendu. Nire bizitzako musika aukeraketan, eragin handiena izan duen unea.
Abestiak eta oroitzapenak. Behin ere mugatu ahal izango ez dizkigutenak.
No time for love - Hertzainak. Itzearekin hasiberria nintzen, astebete bakarrik generaman elkarrekin, eta gure lehendabiziko afaria zen, Legorretako Bartzelonan. Ekaineko larunbat gau bat. Afalondoren, bere kotxean sartu, eta hizketan hasi ginen, inora joan gabe, jatetxeko parkingean. Orduak egin genituen bertan, izarpean bakarrik geratu ginen arte. Hauxe zen jarrita geneukan CD-ko lehendabiziko kanta. Gure lehendabiziko kanta. Bateria agortu zitzaion Ford Fiesta zaharrari.
Toro - El Columpio Asesino. 21 urterekin, karrera amaitu eta lanean hastear nintzela, astebetez, Espainian behera joan nintzen izena ere gogoratu nahi ez dudan txaranga batekin, ia izenik ere ez daukan herri txiki galdu bateko festetara. Egunero egin behar izan nuen gaupasa, han ez zegoen beste aukerarik. Urtean zehar patatak biltzeko erabiltzen zuten nabe bat, diskoteka inprobisatua zen parranda egun horietan. Hango play zerrendan, kantu hau bakarrik zeukatela zirudien. Ez dut hainbeste marra inoiz ikusi. Nik abesti hau bakarrik hartu nuen.
Chueca es genial - Kika Lorace. Urtero joan gara Iruñeko sanferminetara, han ere gaupasa egitera. Eskuetan genuen zerbeza epela egunsentiko freskurak ere hozten ez zuela, entzierroa muturren parean pasa zitzaigunik ere ohartu gabe, Berriozarko igerilekura joan ginen, beti bezala, bertan bainu bat hartu eta lo puska bat egiteko asmo onarekin. Igerilekuko atetan, noiz zabalduko ziguten esperoan, Arkaitzen kotxeko bost ateak zabalik eta kantu hau bizilagun guztientzat. Zenbat zoriontasun.
Abestiak eta oroitzapenak. Behin ere mugatu edo murriztu ahal izango ez dizkigutenak.