Migratzaileentzat zentroa prestatu du Eusko Jaurlaritzak Tolosan

Ataria 2021eko martxoaren 13a

Bart Europako beste herrialde batzuetara bidean zihoazen 77 pertsonak lo egin dute Irunen eta Hondarribian prestatutako guneetan, EITBk bere webgunean azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzak espero du migratzaile gehiago iritsiko direla, eta 30 plazako baliabide bat jarri du Tolosan.

Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, Tolosako baliabidea "kolektibo ahulenari" zuzendua izango da, hau da, adin txikikoekin bidaiatzen ari diren emakumeei babesa emateko.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza edozein "salbuespenezko egoera" artatzeko prest dago: "Harremanetan gaude eta elkarlanean ari gara administrazioekin, hirugarren sektoreko eragileekin, Gurutze Gorriarekin eta Irungo Herritarren Sarearekin". Izan ere, "sare solidarioko lan hau garrantzitsua da egoera honi erantzun duina emateko", zehaztu du Legarretak.

Legarretak nabarmendu duenez, bereziki kezkatzen ditu seme-alaba adingabeekin iristen diren emakume migratzaileei ematen zaien arretak. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak hainbat baliabide ditu 2018az geroztik Oñatin, Tolosan eta Berrizen pertsona zaurgarrienei arreta emateko, eta aste honetan Tolosako erdigunean zeuden pertsona guztiak Oñatira eraman dituztela azaldu du. Hala, baliabide hori libre utzi dute uneren batean emakume horiei erantzun behar bazaie ere.

Migrazio eta Asilo zuzendariak aitortu duenez, "zaila da egunero zenbat migratzaile iritsiko diren aurreikustea. Gainera, horietako batzuk behin eta berriz itzultzen dira, muga zeharkatzen saiatu eta lortu ez ostean". Hala, "datozen asteetan jende gehiago biltzea" espero dutela ere esan du; izan ere, "udaberrian talde migratzaileen kopurua hazi egiten baita".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!