'Maixabel' filma grabatuko dute, bihar, Tolosan

Ataria 2021eko martxoaren 11

ETAk Tolosan eraildako Juan Mari Jauregiren eta bere alargun Maixabel Lasaren istorioa kontatuko duen filmeko hainbat eszena grabatuko dituzte; hilabete amaieran ere grabaketa gehiago egingo dituzte Tolosan.

2000. urtean ETAk Tolosan eraildako Juan Mari Jauregiren eta bere alargunak, Maixabel Lasak, bere senarra hil zuten hiltzaileetako batekin Okako espetxean (Araban) izandako elkarrizketaren istorioa kontatuko duen filma da Maixabel. Bihar, filmeko hainbat eszena grabatuko dituzte Tolosan.

Iciar Bollainek zuzendutako filma da, eta Blanca Portillo eta Luis Tosar aktoreek parte hartuko dute, besteak beste. Dagoeneko hasi dira filma grabatzen Gipuzkoako eta Arabako hainbat tokitan. Duela aste batzuk ere izan ziren Tolosan, eta bihar jarraituko dute grabaketa lanekin.

Hori dela eta, bihar grabaketa lanak egiteko hainbat espazio erabiliko direla jakinarazi du udalak. "Momentuz grabaketa lanak barruan egingo dira, ez kalean". Udalak aurrez barkamena eskatu nahi die herritarrei, grabaketa lanek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta aurreratu du hilabete amaieran ere grabaketa gehiago egingo direla Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!