2020ko udazkenean, Oroimena eta Bizikidetzaren sustatzea helburu zuten ekimenak bultzatu zituen Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunarekin. Udaberrian sartzearekin batera, segida emango diote; lau ekitaldi izango dira martxo amaieran, eta horietako bat, apirila amaitu bitarte luzatuko da. "Bizikidetza, Memoria, Egia, Erreparazioa eta Giza Eskubideak muinean dituzten ekitaldiak dira, bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa sustatzeko, norberak bere bizipenak azaleratzeko eta besteenak entzun eta onartzeko aukera emateko topagune ezberdinak sortzeko", adierazten du Olatz Peon alkateak.
Egitaraua osatzeko, hiru helburu eta zenbait hausnarketa izan dira abiapuntu. Batetik, azalera eraman nahi dituzte hainbat sentimendu. “Gure herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak direla jabetzen gara, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta diren bizipen eta egoera isilagoak ere”.
Bestetik, abiatutako bideari jarraipena eman nahi diote, urrats berriekin. "Biktimen duintasuna berreskuratzeko bidean, udal ordezkari bezala, ardura bat dugu, izandako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa zorrotz eta zehatza ahalbidetuz, bai eta biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko gure esku dagoen guztia egiten".
Azkenik, eta berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatzearen, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak irekitzearen, eta gure gizartearen aniztasuna errespetatzearen beharra azpimarratzen dute. “Bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek, eta gaur egun ere urratzen direnek, eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, aurrez aurre erakusten digu errepikatu nahi ez dugun bidea, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu".
Bizikidetza mahaiko kideek gaur aurkeztutako egitaraua ahalbidetzeko film eta antzezlanen egile nahiz ekoizleen laguntza eskertu nahi izan dute, baita Gipuzkoa Foru Aldundiaren eskaintza ere. “Bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian, udaleko talde politikoetako ordezkariok, gure arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere. Mezu honen bitartez Tolosako herritarrak antolaturiko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, bizikidetzak guztion elkarlana eta bultzada behar dituelako”, adierazi dute.
Bizikidetza sustatzeko ekitaldi zikloaren egitaraua:
Martxoak 17, asteazkena.
18:45. Zubiak dokumentala, Leidor aretoan.
Zuzendariak: Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillas. Iraupena: 98 minutu; ondoren, solasaldia, Maixabel Lasarekin.
Sinopsia: ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren historia kontatzen du. Hautsitako eta eraikitako zubien inguruko hausnarketa izan nahi du; horretarako, Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta bere senarraren hilketan parte hartu zuen Ibon Etxezarretaren artean sortzen den elkarrizketaz baliatzen dira egileak. Hain zuzen, Lasak Etxezarreta gonbidatzen du bazkaltzera; harekin hitz egin nahi du eta bere senarra hiltzeko erabili zituzten arrazoietan sakondu nahi du. Ikus-entzunezkoan, besteak beste, Maria Jauregi Maixabel Lasaren alaba, Jesus Egiguren, Xabier Iraola, Ignacio Latierro edo Margarita Roblesen testigantzak entzuten dira. El final del silencio dokumental sortaren ataletako bat da, Sistiaga kazetari irundarrak Movistar+ plataformarentzat atondu zuena; 2019an estreinatu ziren. Sei dokumental dira guztira, eta batik bat, ETA eta berak eragindako biktimak dituzte ardatz. Guztietan, biktimei zein gatazkan eragile izan ziren zenbait pertsonei ematen zaie hitza.
Martxoak 18, osteguna.
1970-2020 Burgosko Prozesua erakusketaren irekiera, Aranburu Jauregian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera antolatu du erakusketa. Burgosko Prozesuaren 50. urteurrenean, gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azaldu nahi du, baita Euskal Herriaren hurbileko historian izan zuen eragina ere. Frankismoari epaiketa egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko emango ditu argitara, martxoaren 18tik apirilaren 30era bitartean.
Martxoak 19, ostirala
18:45. Non dago Mikel? filma, Leidor aretoan.
Zuzendariak: Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu. Iraupena: 80 minutu; ondoren, solasaldia, Torturak eta tratu txarrak Euskal Herrian 1960-2014 txostenaren egileak diren Laura Pego eta Paco Etxeberriarekin.
Sinopsia: 1985ean Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zeneko kontakizuna jasotzen du, Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zutenekoa. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor epaitu, ezta zigortu ere. 2020ko azaroan 35 urte bete ziren Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia jakin nahian jarraitzen du.
Martxoak 28, igandea.
19:00. Sisiforen paperak antzezlana, Leidor aretoan.
Egilea: Arkaitz Cano. Zuzendaria: Fernando Bernues. Iraupena: 100 min.
Sinopsia: Antzezlaneko pertsonaietako batek dioen moduan, "egunkari bat gerra eta bakea bezalakoa da, baina txikian". Egunero iraungitzen den eleberri amaigabea. Munduko kaosa lau zutabetan estututa. Ez da harritzekoa bokazioak bultzatuta aritzea, kazetariena ezinezko misioa baita: egunkariko erredakzioan prekarietateari eta etsipenari aurre egiten diete eta erlojupeko lanean dihardute zehaztasunaren eta egiatasunaren alde; bien bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzen saiatzeko. Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina, zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz? ”Egunkari auzian” libreki inspiratutako antzezlana, kazetaritza eta bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia.