Tolosaldea IKTkoen emaitza nabarmenak azken txapelketetan

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 10a, 07:56
Espainiako Txapelketan izan diren Tolosaldea IKTko bost igerilariak.

Tolosaldea IKT taldeko igerilariek Espainiako eta Euskal Herriko txapelketak izan dituzte eta taldetik gustura azaldu dira lortu dituzten emaitzak ikusita.

Espainiako Txapelketari dagokionez, infantil mailakoa izan zen, eta taldetik bost igerilari joan ziren. «Oso gustura gaude lortutako emaitzekin, izan zuten jarrerarekin, eta eman zuten kalitate saltoarekin», azaldu du Beñat Bidaola teknikariak.

Nahia Garridok bi domina lortu zituen, biak bizkar estiloan. 100 metrotan zilarrezkoa lortu zuen eta bere urtekoen artean bigarrena izan zen. 200 metrotan brontzezkoa lortu zuen, eta bigarren izan zen bere urtekoen artean. Horrez gain, 400 metro estiloetan bosgarrena izan zen (bigarren bere urtekoen artean), eta 200 metro estiloetan 22. izan zen (10. bere urtekoen artean).

Markel Garmendiak 100 metro tximeleta proban bosgarren egin zuen, bere urtekoen artean laugarren izanez, eta taldeko errekor absolutua hobetu zuen 59,23n utziz. 200 metro tximeletan 15. postua lortu zuen, bere urtekoetan 11. izanez.

Naia Sarasolak 100 metro libreetan 6. postua lortu zuen, eta 100 metro tximeletan 7. postua (laugarren bere urtekoen artean) eta 200 metro tximeletan 14. postua (bere urtekoen artean 8.).

Unai Zubeldiak 200 metro estiloetan 13. postua lortu zuen (9. bere urtekoen artean) eta 100 metro bizkar estiloan 7. postua (6. bere urtekoen artean). Joanes Ruizek 200 metro bular estiloan 25. postua lortu zuen, bere urtekoen artean 13. izanez.

Iruñean izan zuten Euskal Herriko Txapelketa, eta bertan taldeko hamabost igerilari izan ziren parte hartzen. Junior zein absolutu mailako igerilariek parte hartu zuten, baina sailkapen bakarra egin zen. Guztira hiru domina lortu zituzten Tolosaldea IKT taldekoek, hiruak brontzezkoak: Kepa Oiartzun 50 metro libreetan, Leire Maritxalar 800 metro libreetan eta Maddi Barriola 200 metro bizkar estiloan. Laugarren postu batzuk ere izan ziren, eta orokorrean hartuta, igerilari gehienek euren markak hobetu edo horietatik gertu ibili ziren.

GIPUZKOAKO KOPA

Tolosaldea IKTko igerilariak ez daude geldirik egoteko, asteburu honetan txapelketa dutelako. Larunbat eta igande arratsaldean izango dute, Irunen. Oraingo honetan Gipuzkoako Kopa, hau da, taldekako txapelketa. Taldeko hogei bat igerilari ariko dira bertan, eta bakoitzak bere hiru edo lau probetan lortutako puntuek balioko dute gero taldearen sailkapena osatzeko.

Bost talde izango ditu aurkari, A mailan, Tolosaldea IKTk: Bidasoa, Izarraitz, Zubiaurre, Eibar eta Buruntzaldea. «Pentsatzen dugu Irungo Bidasoako taldearekin egongo garela lehen postuaren lehian, bai mutiletan zein nesketan», esan du Bidaolak. «Talde giroa sortzen da horrelako txapelketetan eta oso polita izaten da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!