Izan ere, ama naizenetik, olatu erraldoi batean surf egiten sentitu naiz ni, batzuetan olatua pasatzen utzi dut eta besteetan berriz olatura igo naiz.
Izan ere, ama naizenetik, olatu erraldoi batean surf egiten sentitu naiz ni, batzuetan olatua pasatzen utzi dut eta besteetan berriz olatura igo naiz.
Duela urtebete, itxialdian sartu ginenean, guztiok indartsu ekin genion egoera horri; eta haurrak dituzten familiak izugarri saiatu ziren, etxean, mota desberdinetako ekintzak egiten. Baina, teknologiek ere izugarrizko presentzia hartu zuten etxe askotan, eta urtebete beranduago, hori ezin ekidin dabiltza familia asko eta asko. Baina pandemia ez da errudun bakarra; izan ere, lehen ere bazen kezka hori. Zenbat urterekin utziko diot tabletarekin jolasten? Deiak egin eta haurra non dagoen esaten dizun ordularia erosiko diot? Hamabi urterekin mugikorra behar du? Zenbat galdera eta erabaki, zenbat eztabaida eta haserrealdi.
Niri beti sortu dit kezka haurrak mundu horretan azkarregi murgiltzeak. Tresna hauek modu egokian erabiltzen erakustea oso garrantzitsua da, baina horretarako prest daude haurrak? Semeak jendartean bizi dira eta ondorioz presio sozial bat ere badugu inguruan, neurri batean tresna hauek erabiltzera bultzatzen zaituena. Lagunekin lehenengoz gelditzen hasten direnean, adibidez, badaezpada ere guri deitzeko ordularia erostea edo etxeko giltzak ematea da egokiagoa? Zeri ematen diogu garrantzia, gure eta haurraren lasaitasunari, edo haurraren garapen prozesuari, autonomia garatzeari, arazoei aurre egiten ikasteari…? Hamabi urterekin inguruko lagun guztiek mugikorra badute eta zuk erosten ez badiozu, nola kokatuko da nerabezaro hasieran hain garrantzitsua den lagun taldean? Oraindik mugikor bat erabiltzeko prest ez daudela jakin arren, nola egin aurre egoera horri? Zeri eman garrantzia, presio sozialari edo zure usteei? Milaka egoera irudika nitzake; izan ere, adin tarte bakoitzean sortzen da teknologia hauen inguruko kezka, eztabaida eta erabakiak hartzeko beharra familietan. Eta ez da erraza beti ezetz esatea, batez ere, guk ere etengabe hauek erabiltzen baditugu.
Adituek etengabe gogorarazten dizkigute tresna hauen erabilerak sor ditzakeen kalteak. Baina bat-batean olatuak harrapatzen zaitu eta nola atera ez dakizula geratzen zara, zuk bezala pentsatzen duten guraso askorekin batera, olatuan barrena, zuen sentimendu, uste eta nahiei bizkarra ematen.