Imanol Rojok Munduko Txapelketa borobildu du azken probarekin

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 8a, 17:05
Imanol Rojo, Munduko Txapelketako 50 kilometroko proban, 32. dortsalarekin.

Iraupen eskiatzaile tolosarra 18. postuan helmugaratu da klasiko eran egindako 50 kilometroko proban, beste behin Munduko Txapelketa batean egin duen posturik onena lortuz. 

Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo iraupen eskiatzailea oso pozik azaldu da Alemanian egin den Munduko Txapelketan izan duen parte hartzearekin. Hiru probetan parte hartu du, eta hiruetan bere postu onenak hobetzen joan da. Lehenbizikoan, 30 kilometroko skiatloian 19. postua eskuratu zuen, inoiz Munduko Kopa batean izan duen posturik onena lortuz. Ondoren, 15 kilometroko skating proban 33. postuan amaitu zuen, lasterketa horretan zuen postua hobetuz. Azkeneko proba, 50 kilometrokoa klasikoa eran, atzo izan zuen, eta 18. postuan amaitu zuen, eta horrela lehen proban lortutako emaitza postu batean hobetu zuen. 

Atzoko probaren ondoren, sare sozialen bitartez hitz egin zuen Rojok: “Oso oso pozik nago nola bukatu dudan Munduko Txapelketa, orain arteko posturik onena lortu dudalako azken proban. Nabarmentzekoa da hiru probetan orain arteko posturik onenak lortu ditudala. Gaur [atzo] 18. postua egitea izugarria izan da. Lasterketa guztian borrokan aritu naiz lehen hamabost postuetan sartzeko, eta lasterketaren erdira arte lehen hamarretan sartzeko lehian izan naiz”. Bestalde, Rojok eskerrak eman dizkie taldekoei, besteak beste eskiengatik, “hegan egin dute”, eta baita berari jarraitzen dioten guztiei ere.

Aurreko asteazkenean izan zuen skatineko 15 kilometroko proba tolosarrak. "Oso pozik" zegoela azaldu zion TOLOSALDEKO ATARIA-ri, egindako lasterketarengatik: "Nire postu onena da distantzia honetan, Munduko Txapelketa batean. Atzean atera nintzen, 43 dortsalarekin, eta elurra gero eta motelago zegoen, eta horregatik lasterketa oso ona egin dut eta oso gustura nago lortutakoarekin".

Alaia Juaristi, Europan

Alpino Uzturreko Alaia Juaristi azpeitiarrak parte hartu du asteburuan Frantziako Premanon-eko proban, junior mailan. Elkartetik azaldu dutenez, Juaristik “Europako errealitatearekin topo egin du... Imanol Rojok ere, 16 urterekin, horrelako egoerak ezagutu zituen”. Izan ere, 36. bukatu du proba, parte hartzaileetan azkena izanik. Hori bai, kontuan izan behar da, aurkari gehienek Juaristik baino hiru eta bi urte gehiago zituztela. “Horrelako lasterketek eskarmentua izateko balioko diote”, azaldu dute elkartetik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!