M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

"Zaindu gaitezen norbera, bide emanez elkarri"

Ataria 2021ko mar. 8a, 14:19

Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen plataformako eskualdeko ordezkariek deituta, manifestazioa egin dute, eguerdian, Tolosako kaleetan. Beste astelehen batez, pentsio duinak aldarrikatu dituzte, gaurkoan, emakumeen ahotsetatik.

Berezia izan da, gaur, pentsiodunek Tolosako kaleetan egin duten manifestazioa; berezitasun modura, emakume pentsiodunak izan dira mobilizazioaren lehen lerroetan. Udaletxe atarian hasi eta bukatu dute; bidean, baina, bi geldialdi egin dituzte; lehena, Berdura Plazan; bigarrena, berriz, Emakumeen Plazan. Esaldi bana irakurri dute bakoitzean: "etxean geratu gabe, beharrezkoa da kaleak hartzea" eta "gure mugak aldatu direla onartzeak ez du esan nahi lehen mugarik ez genuenik; zerbait egiteko denbora gehiago izatea estrategia bat baino ez da, egiten jarraitzeko". Bigarren geldialdiaren ondoren, gainera, Zutik emakumeak kantua abestu dute.

Behin Plaza Zaharrara iritsitakoan, esaldi-sare moduko bat osatu dute, emakume artistek idatzitako hainbat aldarrirekin:

  • "Zahartzeko eskubidea ukatzea, bizitzako lehentasunez gozatzeko azken aukerari uko egitea da".
  • "Askotan, zahartzaroa gaixotasunarekin identifikatzen dugu, etapa hau zorigaitz modura hartuz, gaixo itxurak eginez babestu beharko bagina bezala".
  • "Ez dugu atzera penatuta begiratu behar, eta ez dugu aurrera beldurtuta begiratu behar".
  • "Sekula ez da berandu ezkutuko zaletasunetarako".
  • "Zahartzaroa, erakartzen gaituzten gauza berrien aurkikuntza ere bada".
  • "Zahartzea inbentarioa egitea da, eta geratzen zaizkigun aktiboak zentzuz administratzea".
  • "Zahartzaroak duen gauza ona da bizitzea, eta nahi duzuna egitea".

Manifestazioari amaiera emateko, Amaia Agirre bertsolariak egindako bi bertso abestu dituzte, denek elkarrekin:

Emakumeen eguna

eskubideen aldarri

lan baldintza duin batzuk

nahi dituena oinarri

merezitako pentsio

ta ordain sari egarri

lepoa makurraraziz

injustizien uztarri

oro erantzi nahi dugu

ta iraultza iragarri

herri bat bihur ez dadin

fosiltzen uzten den harri

zaindu gaitezen norbera

bide emanez elkarri

ta zaintzaren erdigune

nork bere burua jarri

 

Zu ta ni gu gara baina,

zutabe zara ni gabe

zu bat eta ni bi baina

besteen zubi halare

ume eta helduen zaintza

beti gure kargu daude

heteropatriarkatu

gizarte baten ondare

egin zaitez betaurreko

more feministen jabe

burujabetza askean

atari eta sukalde

norbere burua maite

eta zaintzeko prest gaude

herri feminista more eta

libre baten alde

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!