M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Kilometroak etxeratze bilakatzeko nahia

Ataria 2021ko mar. 6a, 14:14

Sare Tolosa plataformak deituta, emakume presoen errealitatea erakusteko, bost kilometroko ibilbidea egin dute hainbat herritarrek, Tolosako auzo eta kaleetan. Amaieran, ekitaldi xumea egin dute Plaza Zaharran.

Trianguloa plazatik abiatu dira, eta Iurre eta Berazubi auzoetatik igaro ondoren, alde zaharrera itzuli dira. Azkenean, udaletxe aurrean egin dute ekitaldia (berez, Emakumeen Plazan ziren egitekoak). Lekuz mugitu arren, aurreikusita zutena egin dute: emakume presoen errealitatearen berri ematea. "Gurekin nahi ditugu, lehenbailehen", dio Josune Agirrezabala Sareko kideak.

Euskal preso politikoen auzian lanean dihardu Sarek. "Martxoaren 8aren harira, emakume presoen egoeraren karakterizazio bat egin nahi izan dugu. Gaur egun, 31 euskal preso emakume ditugu; hauetatik bakarra dago Euskal Herrian, hain justu, Zaballako espetxean. Gainerako 30ak, frantziar eta espainiar estatuetako espetxe ezberdinetan aurkitzen dira. Gutxiago izanik, bakardade egoeran daude gehienak, eta etxetik oso urrun sentitzen dira", azaltzen du Anaje Urkola plataformako ordezkariak.

Berez, bihar ospatuko litzake Lilatoia lasterketa, Donostian. Larrialdi egoerak hala behartuta, bertan behera geratu zen. Euskal Herriko herri ezberdinetan, ordea, izan dira lasterketari keinu egin nahi izan diotenak. Sarek ere bat egin nahi izan du ekimenarekin, eta horregatik osatu dute bost kilometroko ibilbidea. "Aukera polita iruditu zitzaigun herrian zehar bi ekimenak bateratzeko: bost kilometroak oinez egin, eta euskal preso emakumeen aldarria erdigunera eramateko. Elkartasuna adierazi nahi izan diegu", aipatzen du Agirrezabalak.

Kilometro hitzak, lotura du distantziarekin; askotan, gainera, distantzia luzeekin edo urruntasunarekin. Hain justu, hori ekiditea da Sareren helburu nagusietako bat. "Etxeratzeak, edo behintzat, gerturatzeak gertatzea nahi dugu. Eskualdean, adibidez, badugu kasu bat: Ana Belen Egues elduaindarrarena. 876 kilometrotara dago, eta Asturiasko espetxe batetara gerturatuko dutela onartu duten arren, Kordoban jarraitzen du oraindik. Ondorioz, hori ere irudikatu nahi izan dugu gaurko ibilbidearekin, pausoz pauso, distantziak gerturatze bihurtu daitezela", gehitzen du Agirrezabalak.

Honako testu hau irakurri dute Plaza Zaharran, gaurko ekintzari amaiera emateko:

Emakumea izatea ez da erraza, are gutxiago, espetxe barruan. Baina bietan, bai barruan, bai kanpoan, emakumeak indartsuak gara eta gure eskubideak bermatzeko borrokatuko dugu gizarte patriarkal honetan. Gure gizartean emakumeak ixilduak, zapalduak eta gutxietsiak izan gara, eta urtez urte erakusten goaz guztiz oker zeudela hori pentsatzen zutenak. Ez diegu gure beldurrei, gure ametsak zapaltzen utziko eta aurre egiten diegun hesiak puskatuko ditugu.

Izebak beti irakatsi izan digu aske bizitzen bera kaiola batean egon arren. Gure ametsen eta eskubideengatik borrokatzen erakutsi digu eta beti eskertuko diofu hau. Emakumeak elkarrengandik ikasi behar dugu, amengandik, amonengandik, izebengandik... eta beraiek utzitako ametsak bete behar ditugu, orain ezin dutenengatik.

Emakume askok ezin dute gurekin borrokatu, beraz, gure lana da berdintasuna bermatzea eta gure ondorengoei berdintasun eta askatasunean hezitako gizarte bat uztea. Egin dezagun oihu eta isildutakoak askatu.

Maite zaituztegu: Izaskun Lesaka, Ainhoa Ozaeta, Iratxe Solozabal, Lorentxa Beyrie, Itziar Moreno, Idoia Martinez, Oskarbi Jauregi, Olga Comes, Olatz Lasagabaster, Ainhoa Mugika, Eider Perez, Lexuri Gallastegi, Iratxe Yanez, Alaitz Aramendi, Lola Lopez, Ana Belen Egues, Lierni Armendariz, Irantzu Gallastegi, Itziar Alberdi, Josune Oña, Alicia Saez de la Cuesta, Jaione Jauregi, Marixol Iparragirre, Bea Etxeberria, Maria Lizerraga, Josune Arriaga, Ainhoa Garzia, Itxaso Zaldua, Ainhoa Barbarin, Idoia Mendizabal eta Maite Pedrosa.

Gora euskal emakume preso sozialista eta euskaldunak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!