Tolosako 75 ikaslek zuhaitzak landatu dituzte Larramendi auzoan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 5a, 09:59

Samaniego eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako haurrek hainbat zuhaixka landatu dituzte, herriko ikasle guztien izenean; ekimen honen bitartez, herritar gazteenek naturarekin duten lotura indartu nahi da.

Atzo goizean, zuhaitz landaketa egin zuten Tolosako Samaniego eskolako 5. mailako 75 ikaslek, Larramendi auzoko haur parkearen inguruan. Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak urtero egiten dute ekimen hau, herriko ikastetxeekin batera eta Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan, herri eredu jasangarriago bat sustatzeko.

Eguzkiak jotzen duen aldean, lagestromemia espezietako zuhaitzak eta arrosak landatu zituzten. Lagestromemiak irailean loratzen den lore lila bat izaten du, eta gehienez ere 2,5 metroko altuera hartzen dute. Alde laiotzean, berriz, Acer palmatum zuhaitzak, udazkenean kolore politekin janzten den astigar barietatea, eta Anabelle hortensiak landatu zituzten.

Eskolak txandakatu egiten dira landaketa egiteko, eta aurten Samaniegoko haurrek hartu dute parte, Goroldi taldeko adituen laguntzarekin. Landaketan parte hartu zuten ikasleek lore bana eraman zuten etxera. Gainerako ikastetxeetakoek, zuhaitzek ematen dizkiguten onurak lantzeko fitxa eta familian eta lagun artean naturan gozatzeko proposamenak jasoko dituzte.

Berdeguneekiko heziketa sustatzeko

Herria apaintzeaz gain, helburu didaktikoa du zuhaitz landaketak. Herritar gazteenek naturarekin duten lotura indartzeaz gain, zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatu nahi da. "Ekintza txikien bidez munduan aldaketa sortu daitekeela ikusarazi nahi zaie gazteei. Gure planetan gertatzen ari diren deforestazioak gelditzeaz gain, milioika zuhaitz landatu beharko genituzte planetaren tenperaturak eta euriteak orekatu eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Lan handia dago egiteko, baina gure inguruan ekintza txikiak eginez aurrerapausoak eman ditzakegu neurri batean", diote ingurumen sailetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!