BABESTUTAKO EDUKIA

Gipuzkoa, mugikortasun berrian aitzindari

MUBIL zentroa 2021ko mar. 7a, 19:58

MUBIL, Gipuzkoako Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroa, martxan jarri da Tolosako Usabal industriagunean. Gipuzkoa eta Euskadi, oro har etorkizuneko mugikortasunean eta energia metatzearen alorrean nazioarte mailan erreferentzia industriala bilakatzea du helburu. 

40 eragile, enpresa, erakunde publiko eta elkartek 2017ko irailean adostutako Gipuzkoako Mugikortasun Jasangarriko Estrategian jasotako ekintzetako bat da proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bidea Tolosan hasi du eta Tolosaldeko enpresa eta eragileei mugikortasunaren inguruan aukera berriak lantzeko aukera eskainiko die. Aurrerago, Donostian kokatuko den Mugikortasun Berriari lotutako poloan garatuko da egitasmoa.

Administrazioa, enpresa eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea du helburu egitasmo honek, gisa horretan ezagutza aurreratua, garapen teknologiko berritzaileak eta ekonomia aktibitate berria sorrarazi asmoz. Eragileen artean lankidetzarako espazio gisa jaiotzen da MUBIL, modu horretan Gipuzkoak berrikuntzarako dituen gaitasunak biderkatuz, beti ere bikaintasuna, espezializazioa eta elkarlana bezalako balioen inguruan. Mugikortasun jasangarriak paradigma aldaketa dakar, eta eraldatze horri aurre egiteko Gipuzkoako industria lagundu nahi da MUBIL zentroaren bidez. Dagoen potentziala garatzea da helburua, sinergiak sortuz dagoeneko sektorean lanean ari diren eragileen artean. MUBIL Fundazioak kudeatuko du egitasmoa, horretarako jarduera lau lan esparrutan banatuz: saiakuntza laborategiak garatzea; sektorea sustatzeko politika publikoen ezagutza, behatokia eta diseinua kudeatzea; Living Lab-a enpresen eskura jartzea; eta proiektu berrien ekintzailetza espezifikoa eta azelerazioa sustatzea.

Etorkizuna, elkarlanean

MUBIL zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan kokatzen da. Gerora begira gipuzkoar gizarteak dituen desafioei elkarlanean aurre egin eta, gisa horretan, politika egiteko moduak eraldatu nahi ditu programa honek. Bide horretatik, gobernantza kolaboratiboan nazioarteko erreferentzia bilakatu nahi du Gipuzkoak.

Helburu hori lortze aldera, besteak beste, joan den legealdian hainbat erreferentzia zentro garatu zituen aldundiak. Adinberri, zahartzaro osasuntsua indartze aldera; Naturklima, aldaketa klimatikoari aurre egiteko; Elkar-EKIN, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea sustatzeko; MUBIL, mugikortasun berria garatzeko; Ziur, zibersegurtasun industrialari bultzada bat emateko; LABe, gastronomia digitala indartzeko; eta 2deo, euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza hauspotzeko. Azken laurek dagoeneko eraikin propioa dute, baina gainontzeko programak ere martxan daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!