Besteen bizipoza helburu

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 4a, 19:59

Adiskidetasun harreman baten bidez, bakartasun egoeran dauden adinekoen ongizatea bilatzen saiatzen da Adinkide laguntza programa; boluntarioekin egiten dute lan.

Bakartasun egoeran dauden adinekoei laguntzeko programa da Adinkide. Iazko martxoan jarri zen martxan Tolosan, eta ordutik jendearen bizitza kalitatea hobetzeko ahaleginetan ari direla azaldu du Maria Carpintero Adinkideko langileak. Boluntarioekin egiten dute lan, boluntarioak eta adineko pertsonak elkartuz. Horrela, bikoteak eginda, edozein ekimen egin dezakete elkarrekin.

Bakardadean dagoen pertsona horri laguntzeko modu ezberdinak proposatzen ditu programak. Batetik, aurrez aurreko laguntza eskaintzen dute: etxean edo kalean elkartzen dira adineko pertsona eta boluntarioa eta jarduera ezberdinak egin ditzakete, besteak beste, paseatu, hitz egin, erosketak egin, zinera joan, kultur ikuskizun batera joan… Eta bestetik, telefono bidezko laguntza ere eskaintzen da. "Izan ere, badira zenbait adineko, beldurragatik edo beraien ezintasunagatik ezin dutenak etxetik atera, beraz, adinekoek eta boluntarioek adiskidetasun harremanak telefono bidez sortzen dituzte", zehaztu du Carpinterok.

Lotura horietan, hau da, adineko eta boluntarioen elkarketa horietan, harreman afektiboak sortzen direla dio Adinkideko langileak, eta harreman hori "iraunkorra" izatea bilatzen dutela esan du. "Beti boluntario bera elkartzen da adinekoarekin, eta horrela, adiskidetasun erlazio bat eraikitzen da".

Programaren barnean, jarduera ezberdinak antolatu ohi dituzte, lotura horiek parte hartu ahal izateko. "Antzerkira joan izan gara, Gabonetako Leidorreko kontzertura ere bai, monologoak ikustera… komunitatean zerbait egitea bilatzen dugu, herrian bertan dauden ekitaldietara joateko gogo hori pizteko, nolabait".

Izan ere, bakardadean dagoena "erabat deskonektatuta" egon ohi dela esan du Carpinetrok. "Ondoan norbait izatea berriro ere gogo hori pizteko, horixe bilatzen da". Berriro ere bizipoza sentitzea nahi izaten dute, herrian barrena berriro murgiltzea. Besteren artean, adineko pertsonen sozializazioa sustatu eta lagun sarea zabaltzea baita Adinkideren eginkizuna, konfiantzazko eremu bat sortzea. "Osasunean eragin baikorra du egiten dugunak, beharrezkoa dute askok laguntza".

Eta bide horretan laguntzen dute boluntarioek. Proiektua martxan jarri zenean, pandemia hasieran, Auzolanean deitzen den laguntza sare bat jarri zen martxan Tolosan, eta hortik boluntario asko jaso zituztela esan du Carpinterok. "Ikusten da Tolosako jendea oso irekita dagoela horrelako gauzetan parte hartzeko. Boluntario talde zoragarria daukagu".

Nortzuk dira adinekoak?

Zenbat urte behar dira adinekoa izateko? Carpinterok esan du adinekoen perfila estigmatizatuta dagoela, eta laguntza edonork eska dezakeela. Erretiratu berrietatik hasi eta 90 urtetik gorako pertsonen profila aurki daiteke Adinkiden parte hartzen dutenen artean. "Beti irakasten digute zer egin behar dugun bizitzan zehar, baina erretiratzeko garaia iristean, esaterako, jendeak ez du jakiten zer egin. Hor gaude gu".

Eta ez da inoiz berandu laguntza eskatzeko. "Badugu kasu bat, esaterako, 90 urteko emakume batena. Bost urtez etxetik atera gabe egon ostean, boluntario batekin irten zen kalera aurrekoan gurpildun aukian. Aulki hori ile apaindegira edo ospitalera joateko soilik erabiltzen zuen, inolaz ere ez zuen pentsatzen paseatzeko erabiliko zuenik. Ba, hor non dabilen, gaur egun".

Bakarrik sentitzen den edonorentzat dago egokituta, beraz, Adinkide programa. Esaterako, larunbatetan azokara joateko norbaiten konpainia nahi duenak ere parte hartu dezakeela esan du Carpinterok. Parte hartu edo informazio gehiago eskatzeko interesa dutenek 676 197 354 telefono zenbakira dei dezakete edo bestela tolosa@adinkide.org helbidera idatzi.

Erlazionatuak

"Bizipoza ematen saiatzen gara"

Tolosaldeko Ataria 2021 ots 02 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!