Mendizaleak eta zinemazaleak asetzeko moduko bederatzi lan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 4a, 07:59
Asteartean Leidorren eskainiko den ‘Out of the Blue’ laneko irudi ikusgarri bat.

Martxoaren 8tik 10era, Mendi Tour Tolosa jaialdia ospatuko da Leidorren; Mendi Film Jaialdiko lan onenak izango dira ikusgai, tartean, Mattin Zeberio tolosarraren 'Urmuga' dokumentala

2020ko Mendi Film Nazioarteko Jaialdiko lan onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidor aretora iritsiko da astelehenean. Mendi Tour jaialdiak ibilbide oparoa du bertan; 11. edizioa izango da aurtengoa. «Saioetara bertaratzen direnek mendiko zinema onenarekin gozatuko dute berriz ere», dio Aitor Elduaien Mendi Filmeko komunikazio arduradunak.

Sarrera ia guztiak saldu dira jada; astelehenekoak, asteartekoak eta hiru egunetako abonuak agortuta daude; hortaz, asteazkeneko saiokoak soilik geratzen dira. Hala ere, oraindik aukera dago tickets.kutxabank.es webgunean. «Lehen aldiz, online salmenta gehitu zaio leihatilakoari, eta aurrera liteke hiru egunetan 400 ikusleko edukiera mugatua beteko dela; Donostia, Iruñea, Gasteiz, Zangoza, Leioa eta Eskoriatzako saio arrakastatsuetan ere bete ziren. Mendiko zinemak erakartzeko ahalmen handia du eta inspirazio iturri da».

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko 8 film eskainiko dira, horietatik 6, saridun izandakoak. «Mendiko, abenturazko, muturreko kiroleko eta naturako lan zoragarriek osatzen dute egitaraua. Denak dira lan gomendagarriak mendizale eta zinemazaleentzat, baita publiko zabalarentzat ere». Bestetik, erakusketa bat jarriko dute Leidorreko sarreran, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren azken edizioko 20 argazki onenekin.

Film laburren lehiaketa

Tolosako Udalak mendi gaiei buruzko film laburren lehiaketa ere antolatu du aurten, eta epaimahaiak eman du ebazpena: Sari Nagusia hutsik uztea erabaki du, ez delako gutxieneko maila bete. «Ekintza baten irudiak elkartu eta musikarekin lotzea ez zaigu lehiaketa baterako nahikoa iruditzen. Lehiaketak urtero izan duen irizpideari jarraituz, sormena, planifikazioa, edizioa eta mezua hartu ditugu aintzat. Datozen urteetarako sortzaileei lan originalak egitera bultzatzeko balio izatea espero dugu».

Tolosaldeko lanik onenari dagokionez, Mikel Garaikoetxearen Eguzkiaren Erromesak lana izan da hautatua. Garaikoetxeak eta Fernando Osak 1988an Mendebaldeko Alpeetan oinez egindako zeharkaldia laburbiltzen du lanak. Asteartean eskainiko dute, eta bertan emango zaio 400 euroko saria irabazleari.

 

MENDI TOUR TOLOSA JAIALDIAREN EGITARAUA

*Lan guztietako azpitituluak euskaraz edota gazteleraz izango dira, eta zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da aurkezpen guztietan.

Martxoak 8, astelehena, 18:45.

Urmuga

Zuzendaria: Mattin Zeberio. Urak alde bitara banatzen dituen ertz luze fin batek zeharkatzen du Euskal Herria, banandu ordez batzen duen muga. Mendizale talde batek ertz hau zeharkatu du, Felipe Uriarteren gidaritzapean; eta igarotzen diren hamar puntutan, musikak bustitzen ditu gerturatzen diren entzuleak. Erpin askotariko ekimen honek, pandemia garaiko miraria bailitzan, jendea berriro elkartzea du helburu. Urmugak batzen gaitu. Euskaraz eta gazteleraz, azpitituluekin. Iraupena: 15 min.

Charge 2

Zuzendaria: Anthony Bonello. Stan Rey, Leah Evans, Alexi Godbout, Josh Daiek eta Drew Petersen puntako freeskierrak dira. Columbia Britainiarreko Monashee mendien iparraldean astebeteko catskiing jarduera eroa osatuko dute; hau da, malda liluragarrien bila elur-makinekin ibiliz. Pizgarri bezala, taldeari Jordan Temkin batuko zaio, bitan munduko drone gidari txapelduna izandakoa, eskiatzaileen jarduna irudietan biltzeaz arduratuko dena. Ingelesez, azpitituluekin. Iraupena: 4 min.

Free as Can Be

Zuzendaria: Samuel Crossley. Jordan Cannon eskaladaren historiarekin maiteminduta dagoen eskalatzaile gazte bat da eta, halako batean, miresten duen legenda handi bat ezagutuko du: Mark Hudon, Yosemiteko horma handietako eskalatzaile aitzindarietako bat. Erronka baten inguruan batu eta sokakide bihurtuko dira: El Capitan-eko "Freerider" bide mitikoa eskalatu nahi dute, era askean. Cannon gazteak hasi eta buka egun bakarrean egin nahi du. Hudon, berriz, prest dago langintzarako behar adina egun hartzeko, El Capitan era askean eskalatzen duen pertsonarik zaharrena bihurtu nahi baitu. 2020ko Mendi Filmeko Eskalada Saileko Film Onena. Ingelesez, azpitituluekin. Iraupena: 31 min.

Everest - The Hard Way

Zuzendaria: Pavol Barabáš. 1988ko udazkenean, Dušan Becík, Peter Božík, Jaroslav Jaško eta Sólo Jozef eslovakiarrak Everesteko hego-mendebaldeko isurian sartu ziren “The Hard Way” bidea estilo alpinoan igotzeko asmoz. Chris Boningtonek zuzendutako talde britainiar batek zabaldu zuen bide hura 1975ean, eta Everesteko gogorrena bezala izendatu zuten. Eslovakiarren liderra zen Ivan Fiala-k zorigaitzeko amaiera izan zuen 1988ko espedizio aurrerakoi eta muturreko hura gogoratuko du, Everest oxigeno laguntzarik gabe igotzen lehena izandako Peter Habelerren edota Chris Bonington beraren testigantzak gehituz. 2020ko Mendi Filmeko Ikusleen Saria. Eslovenieraz, alemanez eta ingelesez, azpitituluekin. Iraupena: 52 min.

 

Martxoak 9, asteartea, 18:45.

Eguzkiaren erromesak

1988an, Mikel Garaikoetxeak eta Fernando Osak, zeharkaldia egin zuten oinez, Mendebaldeko Alpeetan, Leman lakuan hasi eta Mediterraneoraino, eta bide hori laburbiltzen du lan honek. Tolosako Udala mendiko film laburren lehiaketako Tolosaldeko lan onena izendatu dute.

Mendian Hil, Hirian Hil

Zuzendaria: Iñaki Peña Bandres. Heriotzari buruzko solasaldia, mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin. Oroimenaren aldeko aldarrikapena. Itxaropenaren aldeko kantua. Doluari buruzko trilogia bat borobiltzen duen dokumentala. “Emango baziguten aukeran non hil, hil nahiko genuke bizitza gehien maite dugun lekuan”. 20 eta gutxi urterekin edo 100 urterekin ondo beteta. 7.000 metrotan edo itsas mailan. 2020ko Mendi Filmeko Euskarazko Film Onena. Euskaraz eta gazteleraz, azpitituluekin. Iraupena: 58 min.

Out of the Blue

Zuzendariak: Davina Beyloos Montaz-Rosset eta Sébastien Montaz-Rosset. Pertsonaia misteriotsu batek kaleko artistak eta mendizaleak errekrutatzen ditu Suitzako Oberlandeko mendi gailurretan proiektu liluragarri bat gauzatzeko. Maja eta Sebastian dira horietako bi, Bernako akrobata gazte talentudunak. Highline, akroyoga, spacenet, aireko oihal bertikalak, parapentea, wingsuit hegaldiak… Era guztietako osagaiak biltzen dituen odisea bertikal harrigarri horretan murgildu edo ez erabaki behar dute. 2020ko Mendi Filmeko Epaimahaiaren Aipamen Berezia. Ingelesez eta alemanez, azpitituluekin. Iraupena: 43 min.

 

Martxoak 10, asteazkena, 18:45.

El Gran Hito

Zuzendaria: Ignasi López Fàbregas. Gailur bilduma osatzeko falta duen azkena konkistatu ezinik dabilen mendizale aberatsa, batetik. Eta senarra mendiko eskalada zirraragarrietatik itzuli arte itxaroteaz aspertuta egonik, bere mendi abentura propioak bizitzeko erabakia hartu duen dama, bestetik. Bien patuak eta helburuak gurutzatu egingo dira: Ezinezko gailurra ala tontor apala? Nola eta zerk aseko ditu beren grinak? 2020ko Mendi Filmeko Film Labur Onena. Mutua, hizketaldirik gabea (animaziozkoa). Iraupena: 13 min.

Hillary - Ocean to Sky

Zuzendaria: Michael Dillon. Edmund Hillary-ren azken espedizio handia: ozeanotik abiatu eta Ganges ibai sakratuan gora motordun txalupetan eginiko bidaia, Himalaiako Akash Parbat mendi tontorra bataiatzen amaitzeko. Emaztea eta alaba gazteena hegazkin istripu batean zendu berritan, Hillary dolua gainditzeko bidean abiatu eta bizitza bera galtzeko zorian izan zen. Talde kementsua izan zuen babes, haren seme Peter, haren lagunik onenak eta Hamilton Jet txalupa ospetsuen sortzailearen oinordekoek osatuta, parerik gabeko abenturan. 2020ko Mendi Filmeko Sari Nagusia. Ingelesez, azpitituluekin. Iraupena: 106 min.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!