«Denez, geure arnasa da argia»

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 4a, 11:59
Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Karlos Linazasorok 'Esaten dugun argia' liburua kaleratu du Elkar argilaletxean; 150 poema jaso ditu eta pieza «argitsuagoak» atera zaizkiola aitortu du idazle tolosarrak.

«Poema batek ezin du gezurrik esan». Horrela aipatu du Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) Esaten dugun argia bere poema liburuaren aurkezpen ekitaldian. «Non sortzen da poza? Non edertasuna? Non bizitza? Non argia?». Galdera horiei erantzun nahi izan die idazleak liburuan eta erantzun bezala formulatu dituen poemak «poz eta argi» gehiagorekin etorri zaizkio.

«Idazterakoan barruan dudana kanporatzen dut eta oso egoera positiboan nengoela idatziko nituen poema hauek, beste aldarte batekin, ziurrenik. Naturaren handitasuna, bizitzaren ospakizuna eta maitasuna nire betiko gaiak dira baina beste poema liburuak baino argitsuagoa atera zait hau», dio Linazasorok. Elkar argitaletxean kaleratu du liburua eta editore gisa aritu zaion Xabier Mendigurenek idazlearen «inteligentzia, zorroztasuna, zehaztasuna eta hizkuntzaren erabilera neurtu eta trebea» azpimarratu ditu. Prosa edo poesia idazterakoan Linazasororengan nabari den tonu aldaketan jarri du arreta editoreak: «Prosa idazterakoan umore beltza, giro ezkor eta ironia garratza antzematen zaizkio eta poesia lantzerakoan, berriz, kontrakoa gertatzen zaio, askoz argiagoak dira bere lanak, bizitzaren aldarrikapen baikorragoa sumatzen da horietan».

Onartu du bere joera idazle tolosarrak eta « halako eskizofrenia» moduko bat dela aitortu du, «pertsona asko baleude bezala nire baitan, desberdinak, elkarrekin kontrajarriak direnak». Argi bereizten du, ordea, Linazasorok noiz sentitzen duen prosa edo poesia idazteko bulkada. Aldarte jakin bat eskatzen dio olerkiak, «barrura begira egote bat, nostalgia moduko bat». Poemak etorri egiten zaizkiola dio eta etorri ahala idazten dituela, koaderno batean.

«Beste ezertan pentsatu gabe, burua horretan dudala ematen dut liburua idazteko momentua. Nire irakurketak eta ia bizitza osoa horretara bideratzen dut». 150 poema bildu ditu azkeneko bilduman eta lau zatitan banatu du liburua. «Ez dut poemak gaika antolatzeko ohiturarik izaten, sortu ahala, kronologikoki pilatzen ditut bata bestearen atzetik Osotasun bat bezala hartzen dut liburua. Gustatzen zait irakurlearengan sorpresa moduko hori sortzea eta ez gai jakin batekin atal oso bat betetzea». Teknika ezberdinak erabili ditu autoreak poemetarako, besteak beste, sonetoak edo haikuak topatu ahal izango ditu irakurleak.

Oro har, poema laburrak dira Esaten dugun argia liburuan bildu dituenak. «Poetak geroz eta gutxiago idatzi behar du. Zailagoa da, ordea, poema laburrak egitea. Lan handia hartzen dut poemak garbitzen, denbora asko pasatzen dut des-idazten, poemak biluzten, esentziara jotzen. Horretan pasatzen dut denbora, soberan dagoen guztia kentzen. Hitz gutxitan, gehiago ezin esateko maxima hori oso gustuko dut».

Hitza da langintza poetarentzat. «Urteen poderioz errepikatzen den ideia bat da, munduak hitz bat falta duela. Hitz horren bila doa poeta, beti falta du mundua osatzeko, bizitza ulertzeko hitz bat. Ezin aurkituzkoa da, misterioa da eta poeta alperrik dabil beti haren bila. Baina, aldi berean, hitz hori aurkitzen segi behar du, baldin eta bere lanak zentzuren bat izango badu».

Argia arnasa duela aipatu du aurkezpenean Linazasorok eta horrela jaso du liburuaren sinopsian: «Ez da galdetzen argia. Berez da berezkoa, urdina edo bustia, garaiezina. Etorrian dator beti, geure barrendik, eta kanpoan argitaratzen da, begi izateko, eta begiratu. Ez duelako iruntzirik da gardena eta hilgarria, gehitxo edaten bada. Zoriona legez, ez da galdetzen argia: denez, geure arnasa da».

ARGI ESKE

Denborarekin eta heriotzarekin ditugun zorrei buruz hitz egiten du Linazasorok bere azken lanean, «tonu lasai eta patxadazkoan», editorearen ustetan. Bizitzaren ospakizuna, naturaren handitasuna eta maitasunaren beharra lantzeaz gainera, beste kezka sakonago batzuen inguruan ere hitz egiten dute bere poemek: «Nik 58 urte dauzkat eta denboraren joanak sortzen dit kezka. Adin honekin hasi behar dugu argi gehiago eskatzen. Bizitakoak, atzean utzitakoek arrastoa uzten dute, baina bizi beste erremediorik ez dagoela konturatzen naiz. Ez dakigu zer datorkigun bihar, beraz, eguna disfrutatu dezagun, konforma gaitezen daukagunarekin, onartu dezagun datorkiguna, ez gaitezen harroak izan. Hasi biluzten. Momentua bizi eta eman zaizunarekin saiatu zorioneko izaten. Klasikoek esaten zuten carpe diem hori sumatzen da poema hauetan».

Linazasororen unibertsora gerturatzeko aukera ematen du Esaten dugun argia liburuak. «Karlosek idatzi ditu ipuinak, mikro-ipuinak, aforismoak, haur eta gazte literaturen arloko lanak, saiakera laburren bat, antzerkiak... ia genero guztietan aritu du eta guztietan du laburrerako joera», esan du Mendigurenek. Hala ere, bilduma «mardula» dela aipatu du editoreak, ohiko poema liburuetan ez bezala, 168 orrialdez osatutakoa, «bizpahiru lan argitaratu zitzakeen material honekin, zer esana falta ez zaionaren seinale».

Liburuaren azalean jasota dagoen margoa Linazasorok berak egindakoa da. Haren koadro bat aukeratu dute Esaten dugun argia bilduma ilustratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!