Igerilariek txapelketa garrantzitsuak dituzte asteburu honetan

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 4a, 07:58
Tolosaldea IKT taldeko emakumezko igerilariak, igandean, Usabalen, laugarren kontrol proban.

Espainiako eta Euskal Herriko txapelketetan ariko dira Tolosaldea IKTko igerilariak.

Tolosaldea IKT taldekoak ari dira txapelketetan parte hartzen, eta asteburu honetan bi lehiaketa garrantzitsu izango dituzte: infantil mailako Espainiako Txapelketa, eta junior eta absolutu mailako igerilariek parte hartuko duten Euskal Herrikoa.

Malagan (Espainia) egingo den Espainiako Txapelketara joateko bost igerilari sailkatu dira: Nahia Sarasola, Nahia Garrido, Unai Zubeldia, Markel Garmendia eta Joanes Ruiz. «Meritua dute txapelketan parte hartzea lortu dutelako. Sailkapen baten arabera egin da, lehenbizi estatu mailako 20 igerilari azkarrenen artean egon behar zinen izena emateko, eta gero hortik batzuk bakarrik parte hartuko dute», esan du Beñat Bidaola Tolosaldea IKTko teknikariak. «Oso lan ona egiteko aukera dute, tartean zenbait probatan goiko postuetan egoteko».

Euskal Herriko Txapelketa Iruñean egingo da, eta bertan junior eta absolutu mailako igerilariak lehiatuko dira, baina sailkapen bakarra izango da. Guztira Tolosaldea IKTko hamabost igerilarik parte hartuko dute: Maddi Barriola, Nahia Cristobalena, Leire Maritxalar, Joane Arzalluz, Ainitze Sagasti, Kepa Oiartzun, Imanol Eceiza, Beñat Bidaola, Eneko Barriola, Igor Arrigain, Beñat Urruzola, Oinatz Azkoitia, Elur Urkola, Beñat Zubizarreta eta Adur Larrinaga. «Gutxienekoa egiteaz gain, lehen 24 postuetan sartu behar izan dute igerilariek», esan du teknikariak. «Proba batzuetan goran ibili eta dominak lortzeko aukera izan daiteke».

USABALEN, AURREKO IGANDEAN

Igande honetan lehiaketa izan dute Tolosako Usabal igerilekuan. Laugarren kontrol txapelketa bezala izendatua izan zen, denboraldi honetan Gipuzkoan egiten diren lehiaketak «kontrol txapelketa» bezala ari baitira izendatzen. «Nolabait Gipuzkoako neguko txapelketa moduan izan da», esan du Bidaolak. Bertan guztira Tolosaldea IKTko 30 igerilari inguru aritu ziren parte hartzen eta bakoitzak hiru probatan parte hartu zuen. «Egindako lanarekin oso gustura gaude, emaitza interesgarriak izan ziren bai nesketan zein mutiletan. Sentsazioa izan zen eguna bukatu eta gustura gelditu ginela egindako lanarekin», zehaztu du Bidaolak.

Nesketan, adibidez, Nahia Garrido bizkar estiloan oso ondo ari da, eta bere adineko Euskal Herriko markatik 20 ehunenekora geratu zen. «Taldeko errekor absolutuak ere apurtzen ari da Garrido. Nahia Sarasola ere oso ondo dabil; bi igerilariak koska bat gorago dabiltza», esan du Bidaolak. «Mutiletan ez dago horrelako mailarik, baina esan daiteke erdi maila oso altua dagoela. Taldeko adineko markak izugarri ari dira hobetzen, eta talde bezala infantil mailakoak Euskal Herriko talde sendoena dela esan daiteke, eta junior mailakoa ere indarra hartzen ari da».

Txapelketa edo lehiaketetan parte hartu ahal izatea garrantzitsua dela nabarmendu du Bidaolak: «Guretzat txapelketak erakusleihoak dira, astean zehar egindako lana erakusteko unea. Beraz, biak lotuta daude: astean zehar entrenamenduetan gogotsu dabiltza igerilariak eta gero txapelketa hauetan hori ikusten da. Beren markak hobetzen saiatzen dira ia parte hartzen duten proba bakoitzean, eta hori seinale ona da, eta estimulua lanean jarraitzeko».

Tolosaldea IKT taldeko gizonezko igerilariak, igandean, Usabalen, laugarren kontrol proban.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!