ELKARRIZKETA

«Ikuskizun hau askoz ere egokiagoa da gizonezkoentzat»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 5a, 09:42

Orokorrean kulturarentzat garai zailak izan arren, lanez lepo dabil Aitziber Garmendia aktorea. Gaur, Tolosako Leidor antzokian ariko da Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) antzezlanarekin. 19:00etan igoko da oholtza gainera.

Tolosan izango zara, berriz, 'Txanogorritxotik otso emera' antzezlanarekin. Bizi dugun egoera tarteko, gogotsu?

Ikaragarri. Gainera Leidorrera joaten naizen bakoitzean, izugarrizko inpresioa egiten dit antzoki handi hori ikusteak, baina, bai, berriz ere bueltatzeko gogotsu nago. Dagoeneko hilabete batzuk izango dira azkenekoz izan nintzenetik, eta Leidorrera bakarrik joateak ematen dit horrelako zirrara berezi bat. Handia da, eta hori bete egin behar da, jende asko da eta denengana iritsi egin behar da, baina batez ere, gogotsu nago.

Gustuko duzu Leidor antzokia, hau da, Tolosaldeko herritarrek erantzuten dute?

Bai. Beti alde dagoen publikoa da. Esker onekoa da, eta egia da, orain artean behintzat ikaragarri gozatu dudala Leidorren. Txanogorritxorekin, ordea, lehenengo aldiz bakarrik joango naiz Leidorreko oholtza gainera, beraz, beteko dugu antzokia.

Zer aurreratu dezakezu antzezlanaz?

Ez da nire testua. Marta Gonzalez de Vegarena da, baina testu horretan bat egiten dut batik bat maitemintzen garenean dugun patetismo horrekin. Patetiko bihurtzen gara maitemintzen garenean, eta maite minak, hau da, maitasunaren minak eragiten duen pena eta egoera barregarri horri aurre egiteko modu bat da Txanogorritxutik otso emera, sei mutil medio. Harreman ezberdinak kontatzen dira, eta pertsona batzuk harreman horietan hartzen duten joera edo rola azaltzen da, betiere, komediatik, eta noski autokritika eginez.

Aitziber Garmendia eta barrea lotuta doaz. Barre egiteko aukera izango da, ezta?

Bai. Dudarik gabe. Nire bizitzan barrea ia-ia filosofia bat da. Nik barre asko egiten dut, eta barrea eginaraztea ikaragarri gustatzen zait. Funtzio bat egitean, eta etxera iristean, beti, botere sentsazioa ematen dit: 'Gaur ere jendeari barre asko eraginarazi diogu', eta ze plazera ematen duen horrek!

Maitasuna du ardatz, patetismoa aipatu duzu... Identifikatuta sentitu daiteke ikuslea?

Bai. Ez nekien neurri batean zein puntutaraino identifikatuta sentituko zen ikuslea, baina bai. Emanaldi batzuk eginak ditut jada, eta jende asko gerturatu zait esanaz, 'hau esan duzunean zein tipikoa den, edo beste hau esplikatu duzunean, ni horrela sentitu izan naiz'. Gainera, barre guztiak ezberdinak dira. Identifikatuta sentitu denaren barrea ez da hain ozena izaten, pixka bat, baxutik joaten da, ni hor egona nago esanez bezala.

Sei tiporen bueltan ibiliko zara.

Bai, baina esan beharra daukat testua oso pertsonala dela autorearentzat, noski. Bere esperientziatik edo bere ikuspegitik idatzia da behintzat, eta oso heterosexuala da. Oinarri handi bat dago heterosexualitatean. Ahal den neurrian, pixka bat, hortik aldentzen saiatu naiz, baina ez da nire testua, ez dira nireak autore eskubideak, eta denei keinu bat egite aldera, pixka-pixka bat aldentzen saiatu naiz denak ere identifikatuta sentitu daitezen. Testu heterosexual bat izaten jarraitzen du, konturatuko da publikoa ere, baina kaña kasu honetan heterosexualei emango zaie, besteak pixka bat gehiago libratuko dira.

Emakumeei bereziki zuzendua dagoela esango zenuke, edo komeni da gizonezkoek ere ikustea?

Asko komeni da gizonezkoek ere ikustea. Gainera, emanaldia hori esanez hasten dut. Ikuskizun hau askoz ere egokiagoa da gizonezkoentzat emakumezkoentzat baino. Horrela gauza asko ikasiko dituzte. Gure buruek nola funtzionatzen duten, eta hainbat sekretu ikasiko dituzte, eta orain artean izan duten jokaera barregarriaz konturatuko dira. Hori esanez hasten dut espektakulua.

Behin antzokitik aterata uste duzu ikuslea hausnarketarako edo buruari eragiteko mezuekin irteten dela?

Bai. Orain artean iritsi zaidanaren arabera bai. Gehienbat eman diogun bukaerarekin. Oso harro nago, zeren bukaera hori moldatua izan da. Guk aldatua izan den bukaera da, gauzak beste ikuspegi batetik planteatu ahal izateko. Jendeak oso goran edo hunkituta bukatzen du funtzioa ikusten, eta askotan esan izan didate hausnarketarako bidea nola irekitzen diedan emanaldia ikusi ostean, eta batez ere, nola bukatzen den ikusita.

Sarrera erosi ez duenak zergatik joan behar du antzezlana ikustera?

Orain arte esandakoaren gainean, batez ere, ordu eta erdi barrez pasako duelako. Bere buruaz edo besteenaz. Barrea sendagarria delako, eta barrea boterea delako. Kulturak arima janzteaz gain, burua ere janzte duelako. Nik uste dut, gaur egun, hori inoiz baino gehiago behar dugula.

Kultura segurua dela esatea ere beharrezkoa da, ezta?

Nik uste dut orain artean ikusi dudan espaziorik seguruena zinema edo antzoki bat dela. Denak daude maskararekin, guztiek errespetatzen dituzte neurriak eta distantziak. Hori kontuan hartuta, ez bakarrik segurua, beharrezkoa da kultura, eta segurua eta sendagarria da. Beraz, etorri denok antzokira!

«Ez bakarrik segurua, beharrezkoa da kultura, eta segurua eta sendagarria da»

Bakarrik igoko zara oholtza gainera. Eroso sentitzen zara?

Bai. Alde onak eta txarrak ditu. Alde txarra da, oso-oso soziala naizela, eta eszenara atera aurreko momentu horiek nahiko gogorrak egiten zaizkidala kamerinoan ni bakarrik egotean. Nire lankideekin jiji jaja egotera ohituta nago. Lagunduta egotera ohituta nago. Behin oholtzara ateratzen naizenean, alde onetako bat da, nik hanka sartzeren bat eginda ere, ez dudala inoren lana jokoan jartzen. Askotan gertatzen da niri esaldi bat ahaztu, eta horrek ondokoari eragiten diola, eta kasu honetan ez da horrelakorik gertatzen. Niri zerbait ahazten bazait eta zerbaitetan trabatzen banaiz, nik konpondu behar dut. Nik atera behar dut hanka hortik. Bertigoa ematen duen moduan, alde ona ere bada hori bera.

Lan askorekin zabiltza. Tolosaldean laster zu berriro ikusteko aukerarik izango da?

Printzipioz ez dakit aurten beste estreinaldirik egiteko aukerarik izango dudan. Ia asteburu guztiak ditut biran beteta, bai, Losers, Erlauntza eta txanogorritxorekin. Nik uste dut 2021ean behintzat ezetz. 2022rako bueltatuko ote naiz, bestela pena litzateke.

Martxoaren 8a ate joka, aldarrikapen mezuak zabaldu zalea zara oholtza gainetik. Oraindik asko dago egiteko?

Bai, zoritxarrez bai, eta ikaragarri dago egiteko. Feminismoaren borroka honetan geroz eta aurrerago joan, konturatzen naiz geroz eta gehiago dagoela egiteko. Asko lortu da, eta asko lortu dute gure aurrekoek, eta orain guri ere tokatzen zaigu horretan aritzea. Oso garrantzitsuak dira gure atzetik datozen belaunaldiak, ikaragarri garrantzitsuak dira eta horretan saiatzen naiz. Ez dezatela normaltzat hartu normala ez den jarrera bat. Nik uste dut gure belaunaldiaren erronka hori dela, aurretik egin duten horiei eskertu eta beraien lana alferrik izan ez dadin lanean jarraitzea. Eta ondorengoei bidea pixka bat samurtzea.

«Oso garrantzitsuak dira gure atzetik datozen belaunaldiak. Ez dezatela normaltzat hartu normala ez den jarrera bat»

Pertsona publikoa eta ezaguna zara. Behartua sentitzen zara edo barru-barrutik ateratzen zaizu?

Barrutik ateratzen zaidan zerbait da. Ez dut inoiz neure burua behartuta ikusi horrelako zerbait egiteko. Publikotasun hori ez dut sekula erabili 'esan beharko dut ba honen inguruan ere' pentsatuta. Justu kontrakoa da. Batzuetan iruditzen zait aurpegi publikoa izateak uzten dizula mikrofono edo bozgorailu bat ikaragarria, eta zure ahotsa jende gehiagorengana iristeko oparia dela hori. Orduan, behartua baino gehiago, askotan gertatzen zait nolabaiteko bertigoa sentitzen dudala mikrofono horren aurrean. Ez diot inori hutsik egin nahi. Badakit inor ez garela hain inportanteak inoren bizitzaren gain hainbeste erabakimen izateko, baina bai iruditzen zait gai batzuk esan beharrekoak direla, eta publikotasuna horretarako aprobetxatu behar badut, aprobetxatu egingo dut.

Bukatzeko, mezurik utzi nahiko zenuke?

Esker onak besterik ez. Funtzio amaieran beti hunkitzen naiz, txaloetan, jendea musukoarekin ikusten dudanean. Oraindik ere hor daudela ikustean, inoiz baino militantzia eta maitasun handiagoarekin. Eskerrik asko antzerkira etortzen ari zareten guztioi, eta Tolosan etorriko zaretenoi. Benetan jakin dezala jendeak guretzako zeinen garrantzitsua den. Momentu hauetan aurrera egiten badugu, izan dadila denon artean. Eta hor daude, eta gozamena da hori ikustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!