Tolosako Jabetze Eskolak eskaintza berria du udaberrirako

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 3a, 11:59
Martxoaren 16an hasi eta apirilaren 27ra bitarte, bost saiotan banatuta, xilografia tailerra (linoleo gainean) eskainiko du Oihana Ugarte tolosarrak. ITZEA URKIZU

Martxoa eta ekaina bitartean, aurrez aurreko hamasei jarduera antolatu dituzte, era guztietakoak; saio bakoitza hasi baino bi egun lehenago arte eman ahal izango da izena.

Tolosako Jabetze Eskolak prest du 2021eko lehen ziklorako egitaraua. Martxoaren 15etik ekainaren 3ra bitarte hamasei jarduera ezberdin antolatu dituzte. Arlo eta dinamika ezberdinak jorratu eta horien inguruan hausnartzeko aukera izango da saio horietan. «Ikuspegi eta erronka berriak landuko dira, bizitza pertsonalean eta kolektiboan parekidetasunaren alde lan egiten jarraitzeko», diote Tolosako Udaleko Berdintasun Sailetik.

Saioetan parte hartzeko, nahitaezkoa da aurrez izena ematea www.tolosa.eus webguneko Zerbitzuak web-orriko Berdintasuna atalean. Edukierak ondo kontrolatu ahal izateko, saio bakoitzaren hasiera data baino bi egun lehenagora arteko epea egongo da izena emateko; ondoren, kultur etxean ordaindu ahalko da matrikula. Zalantzarik izanez gero, berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali edo 943 670 383 telefonora deitu daiteke. Aurrez aurre egingo dira jarduera gehienak, osasun eta segurtasun neurriak mantenduz. Egungo egoera aldatuz gero, saio batzuk birtualki egin ahalko lirateke.

Emakumeen jabetzea eta parte-hartze sozio-politikoa sendotzeko gunea da Jabetze Eskola, «gizarte justu, anitz eta osoago bat lortu asmoz» diharduena. «Ez da ohiko prestakuntza-leku bat; emakumeek bizi duten menpekotasun errealitatea auzitan jarriz, irtenbideak proposatzen ditugu. Munduaz dugun pertzepzioa aldatuko digun, eta aldi berean, mundua aldatzeko tresnak emango dizkigun esperientzia bat bizitzea da kontua», azaltzen dute.

TOLOSAKO JABETZE ESKOLA, 2021EKO UDABERRIA

Literatur saioak

Martxoak 15 (18:00-20:00). Andrezaharren manifestua liburuari buruzko solasaldia, kultur etxean, eta euskaraz, Uxue Alberdik gidatuta. Hizlaria: Mari Luz Esteban Galarza. Adineko emakume asko bizitzen ari diren errealitate berriei buruz hausnartzeko saioa izango da.

Martxoak 25; apirilak 29; maiatzak 20; eta ekainak 10 (18:00-20:00). Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea, Kattalin Minerren eskutik, Udal Liburutegian eta euskaraz. Matrikula: 5€.

Apirilak 14; maiatzak 12; eta ekainak 16 (18:00-20:00). Munduko emakumeen literatur taldea, Mertxe Trancheren eskutik, kultur etxean eta gazteleraz. Matrikula: 5€.

Ikastaroak eta tailerrak

Martxoak 16 eta 23; eta apirilak 13, 20 eta 27 (18:00-20:00). Xilografia tailerra (linoleo gainean): sormen tailerra, kultur etxean. Prestatzailea: Oihana Ugarte. Matrikula: 5€.

Martxoak 17 eta 24 (18:00-19:30). Osasun mentalaren gaineko begirada feminista bat (I) ikastaroa eskainiko du Maria Zapatak, birtualki eta gazteleraz. Matrikula: 5€.

Maiatzak 6 eta 13 (18:00-19:30). Osasun mentalaren gaineko begirada feminista bat (II) ikastaroa eskainiko du Itxaso Martinek, presentzialki (kultur etxean) eta euskaraz. Matrikula: 5€.

Martxoak 22 (18:00-20:00). Entzuten al didazue?. Bilera birtualak egiteko tailer praktikoa, kultur etxean, euskaraz eta gazteleraz. Prestatzailea: Ana Maiz.

Martxoak 23; apirilak 13 eta 27; maiatzak 11 eta 25; eta ekainak 8 eta 22 (18:30-20:30). Batukada feministaren ikastaroa, Ainara Sarasketaren eskutik, Laskorain Ikastolan (Usabal). Matrikula: 10€.

Apirilaren 12tik maiatzaren 31ra, astelehenero (15:00-17:00). Krisia eta osasun emozionala: erresilientziako eta ahalduntzeko tresnak ikastaroa, kultur etxean eta gazteleraz. Prestatzailea: Pepa Bojo. Matrikula: 10€.

Apirilak 21 eta 28 (18:00-20:00). Mugak: joan ziren emakumeak, iristen diren emakumeak hitzaldia, Beatriz de Lucasen eta Ane Garayren (CEAR-Euskadi) eskutik, kultur etxean eta gazteleraz.

Apirilak 26 eta maiatzak 3, 10 eta 24 (15:00-17:00). Emozioak sormenaren bidez kudeatzen tailerra, Leire Markinezen eskutik, kultur etxean eta euskaraz. Matrikula: 5€.

Maiatzak 4, 11, 18 eta 25 (18:00-20:00). Wikipedian genero arrakala gainditzeko lantegia, Mentxu Ramiloren (WikiEmakumeok Proiektuaren dinamizatzailea) eskutik, kultur etxean, euskaraz eta gazteleraz.

Maiatzak 6, 13, 20 eta 27 (15:30-17:30). Zu zaindu, neure burua zaindu, nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasteko tailerra, Kontxi Lopezen eskutik, kultur etxean eta gazteleraz. Matrikulazioa: 5€.

Bestelakoak

Maiatzak 8 (17:00-19:00). Nik ere baditut ikasketak. Nola homologatu? saio informatiboa, Katia Reimberg Castelloren (Bidez Bide) eskutik, kultur etxean eta gazteleraz.

Maiatzak 25 eta ekainak 1 (18:00-20:00). Mugimendu feministaren historia laburra ezagutzeko saioak, Beatriz Rubioren eskutik, kultur etxean eta euskaraz. Matrikula: 5€.

Ekainak 3 (18:00-20:00). Zerk motibatzen ditu emakumeak? Zer aldaketa baloratzen dute? hitzaldia, emakumeen ahalduntze-taldeak hobeto ezagutzeko, Pepa Bojoren (hizlaria) eta Nekane Berriotxoaren (aurkezlea) eskutik, kultur etxean eta gazteleraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!