Hilean 3.600 dei jasotzen dituzte UDATEn

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 2a, 09:59

Udal tramiteak azkarrago eta erosoago egiteko aukera ematen du Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak, eta urriaz geroztik, 6.000 herritar baino gehiago artatu ditu.

2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra bitarte, bataz beste, 1.600 tolosarrei eman zaie aurrez aurreko zerbitzua Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (UDATE). Batez ere, aurrez aurreko zerbitzua aukeratzen dute herritarrek tramiteak egiteko; kanal telematikoa eta UDATEn bertan kokatuta dagoen izapideetarako kutxazaina dira gehien aukeratutako beste bi moduak. Telefono edo email bidezko arreta ere eskaintzen dute, eta hilean batez beste 410 mezu eta 3.600 dei jasotzen dituzte; egunean, bataz beste, 120 dei.

Herritarrek udal tramiteak azkarrago, erosoago eta modu pertsonalizatuagoan egin ahal izateko jarri zuten martxan UDATE; 2019az geroztik, egoitza berritua du, Plaza Zaharran. Zerbitzu honen bidez, herritarrak leihatila bakarrean du eskuragarri udalarekin tramiteak egiteko aukera, herritarren eta udalaren arteko harremana erraztuz eta arinduz.

Izapideak, txanda eskatu gabe

Etxetik egiteko aukera izateaz gain, UDATEn bertan kokatuta dagoen izapideetarako kutxazainak ere tramiteak modu telematikoan egiteko aukera eskaintzen du. "Are eta erosotasun handiagoa eskaintzen dio herritarrari, norberak aukeratutako momentuan egin baititzake tramiteak", diote udaletik. Besteak beste, honako tramiteak egiteko aukera dute herritarrek: errolda ziurtagiriak eskuratu, erreziboak ordaindu, ordainketa gutunak ordaindu, erreziboen kopiak eskuratu, isunak ordaindu, edo espedienteak kontsultatu.

Hitzordua, aurrez aurreko zerbitzurako

Covid19aren ondorioz, UDATEko zerbitzuak egoerara egokitu behar izan dira; itxialdian adibidez, online eskaini zen zerbitzua. Aurrez aurreko zerbitzua berreskuratu zenetik, osasun larrialdi egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituz ematen da zerbitzua. Horregatik, UDATEn izapideak aurrez aurre egiteko hitzordua eskatu behar dute herritarrek 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakira deituz. Bataz beste egun eta erdiko tartearekin ematen da hitzordua, betiere, dagoen eskari kopuruaren arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!