Hainbat tasa kobratu gabe uztea erabaki du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 2a, 07:59

Hondakinen, terrazen eta azoken tasak ez ditu kobratuko; etxetik lan egiteko araudia eta aldi baterako lan poltsak kudeatzekoa sortzea ere onartu du

Larrialdi egoera ezarri zenetik urte bat beteko da laster eta oraindik ere ugariak bezain larriak dira egoera honen eraginak. Epe honetan, hainbat neurri hartu ditu Tolosako Udalak, ondorioak arindu asmoz. Adibidez, 1,3 milioi euroko Suspertu Tolosa plana garatu zuen iaz, herrian kontsumitzeko bonuak eta diru laguntzak emateko.

Aurten ere, neurri gehiago hartuko ditu udalak, krisiari aurre egin eta Tolosako hiri ekonomia babesten jarraitzeko. Otsaileko osoko bilkuran aho batez onartu zen hondakinen, terrazen eta azokaren tasak %100ean ez kobratzea. Hondakinen tasaren kasuan, dendek, tabernek, jatetxeek, bidai agentziek eta elkarte gastronomikoek izango dute hobaria. Halaber, ostalariei ez zaie tasarik kobratuko terrazak erabiltzeagatik, ezta azokako ekoizleei ere, postua jartzeagatik eta espazio publikoaren erabileragatik.

Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko zinegotziak, bere aldetik, pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko bide berriak aztertu direla dio; «izan ere, iaz ezarritako laguntzak ez zitzaizkien espero bezala iritsi behar handiena zuten kolektiboei». Era berean, adierazi du «bere jardueran eragin handiena izan duten sektoreak baztertzeko» ahalegina egin dutela, «hobariak sektore horietan zentratzeko».

Bi araudi berri

Bestelako gaiak ere izan ziren azken bilkura horretan. Udala garai berrietara egokitzen jarraitzeko apustuan, udal langileek modu ez-presentzialean, hau da, telelanean jarduteko araudia ere onartu zuten. «Eraldaketa digitalari eta administrazio publikoen modernizazio prozesuei lotuta dago. Langileek gehienez ere astean bi egunetan aritu ahal izango dute modu horretara lanean, sail guztien presentzialtasuna ziurtatzeko, eta herritarrei eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatzeko», azaldu du Xabier Balerdi EAJ-ko zinegotziak. Era presentzialean lan egin behar duten zerbitzuak ere zehaztu dira araudian, esaterako, Udate eta Udaltzaingoa.

Oposizioko ordezkariek abstentzioa bozkatu zuten. «Ez da izan telelanaren aurkakotasunagatik», dio Kristina Pelaez zinegotziak. «Alarma egoera piztu zenetik EH Bilduren eskaeretako bat izan da aukera hori ematea. Eskaera egin genuenetik hilabeteak pasa dira, eta aurkeztutako araudiak, gainera, ez die pandemiak mahai gainean jarritako bestelako beharrei erantzuten, tartean, kontziliazioari, parekidetasunari eta prebentzioari». Bestetik, azpimarratzen du, egungo planteamenduarekin, zehaztu ziren zortzi helburuetatik hiru soilik beteko direla.

Bestalde, udalaren tamainako toki-administrazio baten aldi baterako kontratazio bolumena dela eta, beharrezkotzat jo dute aldi baterako lan poltsak kudeatzeko araudia sortzea, kudeaketarako tresna gisa, lan poltsa propioak eratzeko prozesuan gardentasun osoz jarduteko asmoz.

Horrez gain, gizarte zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuan, urtarrileko osoko bilkuran etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren erregelamenduari hasierako onarpena eman ondoren, gehienezko prezio publiko berria ezartzeko (orduko 15 euro) ordenantza aldaketa egitea onartu da.

Neurri honek hainbat hobekuntza ekarriko dituela azpimarratu nahi izan zuen Xabi Martinez EH Bilduko zinegotziak: «Prezioa baxuagoa izateak zerbitzua bera indartzen du, behar gehien dutenek lehentasunak izango dituzte, eta, bereziki, zaintza lanak merkatu beltzetik ateratzeko prozesuan, pauso bat izan daiteke». Zaintza lanak duintzeko beharra ere azaldu zuen Martinezek, eta zerbitzu hori finantzatzeko jarriko duen diru poltsa behar adinakoa izatea eskatu dio Aldundiari.

Amaitzeko, Emeterio Arrese eraikinean kokatutako udalaren zentro soziokulturala ustiatzeko zerbitzu-kudeaketaren kontratua luzatu dute eta koronabirusaren pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, esleipendunak egindako indemnizazio eskaera onartu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!