Imanol Rojok 19. postua lortu du Munduko Txapelketako lehen proban

Ataria 2021eko martxoaren 1a

Orain arteko posturik onena lortu du eskiatzaile tolosarrak Munduko Txapelketa batean. Larunbatean eskuratu zuen, 30 kilometroko skiatloian.

Alemanian jokatzen ari den iraupen eskiko Munduko Txapelketan, parte hartuko duen hiru probetatik lehenengoan parte hartu zuen larunbatean Imanol Rojok, 30 kilometroko skiatloian, eta 19. postuan amaitu zuen, orain arte lortu duen posturik onena. “Oso pozik nago lortutakoarekin”, esan du Rojok. “Lasterketan dena oso ondo joan zen. Klasiko eran hasieran postua pixka bat gehiago kostatu zitzaidan mantentzea, baina geroz eta aurrerago nindoan eta sentsazio oso onekin”. 

Probaren erdia, 15 kilometro, klasiko eran egin behar zen, eta puntu horretara 20. postuan iritsi zen Rojo. Gero, beste 15 kilometro egin behar zituen skatin eran. “Skatineko partean oso indartsu joan zen nire taldea, eta lehen hamar sailkatuak harrapatzen joan ginen lasterketa osoa, eta gero hori ordaindu egin nuen azkeneko zatian. Baina, azkenean, sekulako lasterketa izan da, espero baino askoz hobeto, eta 20 lehenengoetan sartzea oso ona da”. Lortu duen emaitza bere kirol ibilbide osoan egindako esfortzua erakusten duela gaineratu du tolosarrak. “Gainera, emaitzak ikusita, herrialde indartsuetako eskiatzaileekin nago borrokan, eta horrekin geratzen naiz”.

Hurrengo proba asteazkenean izango du Rojok, 15 kilometro skating modalitatean. Eta bere parte hartzea Munduko Txapelketa honetan datorren igandean bukatuko da, klasiko eran egingo duen 50 kilometroko probarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!