"Bada garaia tortura, gerra zikina eta estatu terrorismoa behingoz aitortzeko"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 27a, 18:53

Sortuk manifestazioa egin du gaur eguerdian, aste honetan Lasa eta Zabala tolosarrei buruz argitaratu den azken elkarrizketaren harira. Tolosako Sorturen arabera 400dik gora pertsonek parte hartu dute Tolosako Triangulotik abiatu den manifestazioan. "Gure historiaren parte lazgarri bat ezkutatu nahi badute ere, egia osoa argitara atera dadin lanean jarraituko dugu", esan du Haimar Altuna Sortuko kideak.

Sortuk Aitortza, erreparazioa. Ez errepikatzeko bermea! lelopean manifestazioa egin du Tolosan. Triangulotik abiatu, eta kaleak zeharkatu ostean, Plaza Zaharrean amaitu dute. Manifestazioa udaletxe aurrera iritsi ahala, aste honetan zabaldu den audioa jarri dute, berriz ere, entzuteko. "Berriz ere, hitz hauek entzutean, barrenak mugitu zaizkigun honetan, lehenik eta behin gure besarkadarik sentikorrenak tortura, gerra zikina eta estatu terrorismoaren atzaparrik beltzena pairatu duten eta duzuen guzti-guztiei", esanez hasi du agerraldia Haimar Altuna Sortuko ordezkariak. Eta bereziki, "tortura basatiak jasan ondoren, heriotza bera pairatu zuten hamalau euskal herritarren senideei", azpimarratu du.

Tolosako Sorturen arabera, 400dik gora pertsonak parte hartu du manifestazioan, eta Tolosako udaletxe aurreko Plaza Zaharra txiki geratu da guztiak sartu ahal izateko.

"Gure historiaren parte lazgarri bat ezkutatu nahi badute ere, egia osoa argitara atera dadin lanean jarraituko dugu", esan du Altunak. "Aitortza lortu dadin borrokan jarraituko dugu".

Aste honetan entzun denak, "berriz ere mina eragin digu", nabarmendu du, "min handia". Lasa eta Zabalari zuloak eginarazi zizkieten: "Askori hotzikara izugarriak eragin dizkigute Guardia Zibilaren mando batek CESIDeko buruari emandako azalpenek eta zehaztasunek. Bai Joxi eta Joxeanen, eta baita Mikel Zabalzaren torturen eta heriotzaren berri entzutean ere". Hemen, Euskal Herrian, "guztiok ondo asko dakigu tortura sistematikoki erabilia izan dela, eta epaitegiek, gehienetan, zoritxarrez, modu interesatuan egon izan diren frogak ezabatu dituztela", adierazi du.

Espainiako erregimenak, Euskal Herrian, "modu basatian" torturatu dituela euskal herritarrak azpimarratu du. Euskal militanteak izan direla dio, eta guztira hamalau heriotzara eramateraino tortura zituztela. "Euskal Herrian inpunitate osoz torturatu ahal izateko, eta tortura estaltzeko, sare erraldoi bat izan da martxan hamarkada guzti hauetan", esan du, eta nabarmendu: "Guztiak balio izan du euskal independentismoaren aurka". Horretarako, gobernuak, alderdiak, polizia ezberdinak, forentseak, epaileak eta hedabideak baliatu izan dituztela salatu du Sortuk, eta "inpunitate osoz, guztia egin ahal izateko eta torturatu ahal izateko".

Beste behin, aste honetan entzundakoek "mina" eragin dietela azpimarratu du. Baina, "entzun ez ditugunak eragindako mina ere tamaina berekoa izan da", argitu du Altunak. Giza eskubideen "izugarrizko urraketa" eman den honetan, "ez al dute ezer esateko?" bota du, eta Iñigo Urkullu, Idoia Mendia, Maria Chivite eta Denis Itxasorengana zuzendu da lizartzarra. "Ez al duzue ezer egin behar? Non dago beraz zuen zoru etikoa?".

Honekin guztiarekin, "zintzoen eta gaiztoen errelatoa" egin nahi dutela azaldu du, edo "irabazleak eta galtzaileak" berezitu nahi dituztela, eta bide horretatik, "ez goaz inora" azpimarratu du. Horrela ezin dela "inolako bakerik eta askatasunik eraiki" aitortu du. Gatazka politiko honetan, bakoitzari dagozkion ardurak onartzeko unea iritsi dela ere adierazi du, eta "Ezker Abertzaleak egin du", esan du.

Guztiz tematuta daudela dio Haimar Altunak, "fikziozko errelato bat ezartzearekin". "Bada garaia tortura, gerra zikina eta estatu terrorismoa behingoz aitortzeko. Bada garaia, behingoagatik, erantzuleek beraien ardurak aitortzeko. Bada garaia herri honek aurrera egin dezan". "Estatuaren biolentzia" ezkutatzen ari direla esan du, eta hori bera ere, "biolentzia" dela.

Bukatzeko, nahiko dela esan du, eta beharrezkoa dela "tortura eta estatu biolentzia iluntasunetik argitara ateratzea". Min hori jasan dutenek, "aitortza eta erreparazioa" behar dituztela eskatu dute, eta horrez gain, "berriro ez errepikatzeko bermeak behar dituzte". Guzti hori behar duela herri honek azaldu dute, eta etsi gabe, lanean jarraituko dutela.

Plaza Zaharrean bildutakoek txalo zaparrada baten ostean, Eusko Gudariak abestuz amaitu dute ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!