‘Herri Kirolak. Juegos del pueblo vasco. Euskal Herriaren jokoak’ liburua aurkeztu dute Tolosako zezen plazan

Leyre Carrasco 2021ko ots. 28a, 12:00

Euskal herri kirolen jatorria eta oinarriak aztertzen dituen lana argitaratu berri dute Tolosako Xibarit argitaletxean.

Herri Kirolak. Euskal Herriko jokoak. Euskal Herriaren jokoak izeneko liburua aurkeztu zuten ostiralean, Tolosako zezen plazan Álvaro Bermejo, idazleak eta Joseba Urretabizkaia, argazkilariak. Tolosako Xibarit argitaletxearekin argitaratu berri duten lanak euskal herri kirolen jatorria eta oinarriak ditu aztergai. 

Liburua bi ataletan zatitu dutela azaldu zuen Urretabizkaiak. Alde batetik, herri kirolen jatorriaren nondik norakoez aritu dira, baita kirolari aintzindarien inguruan ere. Bestetik, gaur egun Euskal Herrian ditugun herri kirolarien inguruan hitz egin dute. Lehen atalaz aritu zen Bermejo, eta bertan adierazi bezala, berak liburuan egin duen lan nagusietako bat “kirola” hitzaren balioa berrezartzea izan da: “Gaur egun, beste kirol bat bezala sustatzen ari bada ere, herri kirolak jolasak dira”. Hala ere, urte hauetan “eboluzio sakona” jasan dutela gehitu zuen Urretabizkaiak eta hortaz, “jada desberdintasun handia dago garai bateko eta egungo kirolaren artean”.

Bertan, Ainhoa Etxabe, Gipuzkoako Herri Kirol lehendakaria, eta Gari Etxeberria, antolakuntza lanetan ari dena ere izan ziren. Etxabek liburuko bi autoreei eskerrak eman nahi izan zizkien egin duten lanagatik: “Herri kiroletan ibili garenok, hainbat pertsona, irudi eta gauza berri ezagutu behar ditugu oraindik, eta egungo belaunaldientzako lan oso potentea dela uste dut, gure kirola jarraitu edo ezagutu nahi duenarentzat”.

2021eko pentatloia

Iaz, hiru saio aurreikusi bazituzten ere, aurtengo urtean zehar sei saio egongo direla adierazi zuen Etxeberriak, eta horien artean hainbat nobedade ere aipatu zituen. Lehena binakakoa izango da, eta maiatzak 22an eta ekainak 20ean jokatuko dira Tolosako zezen plazan. Gainera, emakumea pentatloiean parte hartu ahalko duen lehen aldia izango dela azpimarratu zuen. Parte hartzaileen arabera, irailean bi edo hiru saio izango dira. Azkenik, urteari bukaera emateko, “pentatloi indorra” antolatuko duten lehendabiziko aldia izango dela ere  jakinarazi zuen Etxeberriak: “Betiko pentatloia eta crossfita nahastutako ekitaldia izango da”. Azken horretan, iraileko sei finalistek izango dute bertan parte hartzeko aukera soilik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!