«Ez nuen espero Euskadiko Kros Txapelketa irabaztea»

Imanol Garcia Landa 2021ko ots. 25a, 19:59

Denboraldi berezia izaten ari da Maialen Muñoz atleta ibartarrarentzat, emaitza aipagarriak izateaz gain, Tolosa CF-ko atletismo taldean hasi delako, pistan zein krosetan lehiatuz; «oso gustura nago taldean», esan du.

Irailean egin zen Maialen Muñoz (Ibarra, 1990) Tolosa CF atletismo taldeko kide, eta emaitza garrantzitsuak lortu ditu hilabete hauetan, tartean Euskadiko Kros Txapelketa irabaztea orain gutxi. Igandean Espainiako Kros Txapelketan parte hartuko du.

Nola izan zen irabazi zenuen Euskadiko Kros Txapelketako lasterketa?

Oso urduri joan nintzen. Lesio batetik nentorren, bi hilabete serieak eta erritmo azkarra sartu gabe, baina ilusio handiarekin nindoan, eta saiatu nahi nuen lehen sei postuetan sartzen, gero Espainiako Txapelketara joateko. Baina beldur nintzen lesioarengatik, eta ez nuen nire burua gehiegi estutu nahi.

Gero, lasterketan, erritmo lasaian joan ginen, eta bost-sei neska batera gindoazen. Bost buelta ziren eta hirugarrenean, hiru-lau lasterkari geratu ginen aurrean. Azkeneko itzulian lehenengo hiruak geratu ginen, eta nik pixka bat azkartu nuen erritmoa, indarrarekin nengoelako, eta irabaztea lortu nuen.

Lehenengo aldia izan da irabazi duzuna, ezta?

Bai, eta esan dezaket ia nire lehenengo esperientzia zela belar gainean. Lehenago beste bi kros bakarrik eginda nituen belarretan, unibertsitate garaian. Beraz, poz handia irabazi nuelako. Ez nuen espero irabaztea, sorpresa ona izan zen.

Eta orain Espainiako Txapelketan parte hartuko duzu. Ze asmo proba horretarako?

Lehenik eta behin ostiralean PCR proba egin behar digute eta negatibo atera behar du gero txapelketan parte hartzeko. Eta asmoei dagokionez, errealista izanik, parte hartu eta ahalik eta ondoen egitea saiatu, baina inongo aurreikuspenik gabe. Argi dago oso jende ona joango dela, batzuk profesionalak, eta beraz, ahalik eta ondoen egitera eta disfrutatzera joango gara.

Beste Espainiako Txapelketaren batean parte hartu izan duzu aurretik?

Bai, baina ez krosekoa ezta korrikakoa ere. Parte hartu izan dut, Euskadiko selekzioarekin ere, triatloian eta duatloian. Bi diziplina horiek proba politak dira, azkenean taldeka puntuatzen dugu, eta kirol indibidualak izanik, eskertzen da talde bezala joatea.

Ze kiroletan aritu zara, bada, orain arte?

Gehienbat korrika hasi nintzen, nire aitarekin. Berak betidanik kirola egin izan du, baina lehiatu gabe. Batxilergo garaian hasi nintzen lasterka, eta beti nire kabuz aritu izan naiz, entrenatzailerik gabe. Gero triatloiarekin hasi nintzen, beste kirol batzuk probatzeko aitzakiarekin. Asko gustatu zitzaidan, baina denbora falta zela eta, eta ikusirik aurrean ibiltzeko denbora asko eskaini behar zitzaiela hiru kirolei, azkenean gehiago hasi nintzen korrika egiten, errazagoa zelako, ez zuelako materialik eskatzen ezta argirik entrenatzeko. Eta, orain, pixka bat serioago hartu dut, aurreko irailean Tolosa CF taldean sartuta.

Nolatan hartu duzu orain Tolosa CF-ko atletismo taldean sartzeko erabakia?

Ikasteko eta gauzak hobeto egiteko. Orain arte nire kabuz aritu naiz, eskarmentua zuen jendearekin hitz eginda-eta. Baina ilusioa banuen entrenatzaile batekin probatzeko, hobetzeko esperantzarekin. Beraz, federatzea erabaki nuen, ikusita zein den egoera, lasterketetan parte hartu ahal izateko. Eta, bestalde, esan bezala, gogoa nuelako ikasteko eta gauzak hobeto egiteko.

Dirudienez, ondo doakizu.

Ondo doa, ez bakarrik emaitzarengatik, baita ere jende gehiagorekin entrenatzen hasi naizelako. Orain arte bakarrik entrenatzen nuen eta serieak bakarrik egiten nituen. Taldetxoa sortu dugu iraupenezko probetan aritzen garenak, eta oso gustura nago. Askoz errazago doaz entrenamenduak, eta baita plangintzak ere. Orain, lehen ez bezala, gimnasioa ere egiten dut. Hori dena emaitzetan nabaritu da, noski.

Eta denboraldian beste emaitza nabarmenik lortu al duzu?

Urrian 5.000 metroko proba egin nuen aire librean, eta nahiko marka ona lortu nuen. Horretaz aparte, pista estalian, urtarrilean, 3.000 metroko proba egin nuen, eta Euskadiko Txapelketan bigarren geratu nintzen.

Ez dago gaizki.

Ez, ez. Kontentu nago, baina beti ere jakinik non nagoen eta nondik natorren, eta argi izanik nik nire lana dudala. Pistan egoten diren beste guztiak bezala, ez gara honetaz bizi; gure lana dugu eta gero entrenamendura nekatuta iristen gara. Azken finean, ez gaudela horretara bakarrik.

Batez ere asfaltoan aritu izan zara orain arte. Nolakoa da pistan lehiatzea?

Asko gustatzen zait. Lehen uste nuen, pistan aritzea bueltak eta bueltak etengabe ematea zela, eta hori nekagarria izan zitekeela. Baina konturatu naiz pistaren xarma gustatzen zaidala, gero eta gehiago gainera. Iruditzen zait oso mentala dela, baina aldi berean zure erritmoa eta zure burua kontrolatzeko oso erraza dela. Hori bai, gaizki zoazenean oso erraz ikusten duzu hori, baina badu zerbait harrapatzen zaituena.

Espainiako Txapelketaren ondoren ze asmo duzu?

Pena da tendoian izan dudan lesio hori ez dela guztiz osatu, eta oraindik min pixka batekin nabil. Horren arabera gauza bat edo beste egingo dut. Berez, 10.000 metroko proba bat egiteko asmoa dut Iruñean, martxoaren 20an. Proba horretan marka ona lortuz gero, Iberiar Txapelketan parte hartzeko baliagarria da. Bertan, Portugaleko eta estatuko atletek parte hartzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!