Gaur egun normala da erakunde ofizialek herritarrek behar dituzten zerbitzu guztiak eskaintzea. Baina, garai batean ez zen horrela, eta bakoitzak bere arazoak konpondu behar izaten zituen. Hala sortu zen Suzai suhiltzaile parke pribatua. Tolosaldean paper fabrika ugari zeuden eta erabiltzen zuten materialarengatik arrisku handia izaten zuten, ez hainbeste papera beragatik, behin bobinetan edo resmetan bilduta dagoenean ez duelako erretzeko hainbesteko arriskurik, baizik eta ebakin eta trapu ugari izaten direlako lantegi horietan.
1924an izan zen. Eskualdeko hainbat enpresari, batez ere paper fabrikatakoak, kezkatuta zeuden suteen aurrean oso zerbitzu eskasa zegoelako eta suhiltzaile parke bat sortzearen ideia originala izan zuten. Hamabost bazkide izan ziren sortzaileak: Ruiz de Arkaute, Gregorio Mendia, Antonio San Gil y Ollo, Papelera Española, Arzabalza, Sese, Irazusta-Vignau, Elduaien, Belauntzako Ola, Kalparsoro eta Limousin-Aranburu-Raguan paper fabrikak eta Forjas y Tornillerias Vascongadas, Antonio Elosegiren Bilobak, Agustin Martija eta Perot, beste sektoretako enpresak.
Lehen inbertsioa Delahaye moto-bonba izan zen (orduko 70.000 litro botatzeko gaitasunarekin), bere aspirazio tutu, mangera eta lantzekin. Gero Fort-T xasis motorizatua erosi zuten, eskailera jokoa eraman ahal izateko. Lau suhiltzailek eta gidariak osatzen zuten lehen parke hura eta 25 km/h-ko abiadura hartzen zuela ibilgailuak aipatzen du Tudurik. La Esperanza paper fabrikan zegoen material hori, Andres Legiñena mekanikariaren zaintzapean.