«Aurreko Munduko Txapelketan baino maila hobeagoa dudala uste dut»

Imanol Garcia Landa 2021ko ots. 24a, 19:59

Orain arteko denboraldi onena egiten ari da Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra eta lortu dituen emaitzak errepikatzeko aukera du Munduko Txapelketan. Aurrekoan lortutako 39. postua hobetzea espero du.

Aurreko ostiraletik Oberstdorfen (Alemania) dago Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzailea, Munduko Txapelketan parte hartzeko. Hiru probetan ariko da eta lehenengoa larunbat honetan izango du.

Nola zaude Munduko Txapelketaren atarian?

Aurreko ostiralean etorri ginen, eta aurrena pixka bat nekatuta, bidaiarengatik eta aurreko astean asko entrenatu genuelako Munduko Txapelketa prestatzeko. Orain hemen gaude, eta tokatzen dena da zirkuituak ikusi eta atsedena hartzea lasterketei begira.

Zenbat entrenatzen duzue egun hauetan?

Pixka bat jaisten dugu entrenamenduen bolumena, eta intentsitate pixka bat sartzen diegu. Oso gutxi egiten dugu. Goizetan entrenatzen dugu bakarrik, eta arratsaldetan lasai egoten gara, fisio eginez... Azken finean, energiarekin iristea da asmoa.

Orain arte egin duzu denboraldia gustura egoteko modukoa da, ezta?

Bai, egia esan oso ondo sentitzen ari naiz. Abenduan Europako Kopako lasterketa bat irabazi nuen eta gero Tour de Ski-ko proba batean orain arteko postu onena lortu nuen Munduko Kopan. Ezin naiz kexatu. Orain lortu nahi dudana da maila hori mantentzea Munduko Txapelketan; ea ze posturaino iristeko aukera dugun.

Europako Kopan lehen postua lortu zenuen, Formazzan, Italian. Hori da orain arte lortutako posturik onena lehiaketa horretan.

Bai. Aurreko posturik onena zazpigarrena izan zen orain dela lau edo bost urte. Pixka bat ezustekoa izan zen niretzat, baina urte asko daramatzat mundu honetan, eta poz handia izan zen. Oso berezia izan zen. Beste herrialde asko daude elurra gertuago daukatenak gu baino, eta erraztasun gehiago dituztenak kirol honetan aritzeko, eta podiumeko goiko postuan egoteak sekulako poza eman zidan.

Munduko Kopan 18. postua lortu zenuen, Val de Fiemmen, Italian, orain arteko posturik onena lortuz.

Poz handia izan zen. Urte asko neramatzan horren bila, eta asko entrenatu dut hori lortzeko. Opari moduko bat izan zen. Ea orain ondo berreskuratzen naizen Tour de Ski-tik eta Munduko Txapelketan maila mantentzen dudan.

Tour de Ski-n 31. postua lortu zenuen sailkapen orokorrean. Lorpen hau eta aurretik aipatutako biak kontuan hartuta, zein izan da zure emaitza garrantzitsuena?

Tour de Ski-n 31. postuan geratzeak esan nahi du Munduko Kopan erregulartasun ona dudala, eta horrekin geratzen naiz. 18. postua lortzea ona izan zen, baina eguneroko erregulartasun hori mantentzea emaitzetan izan zen hoberena.

Munduko Txapelketan hiru probetan parte hartuko duzu. Helburu jakin batekin ariko zara?

Klasikoan nahiz skating eran ondo ari naiz moldatzen aurten, eta emaitza on bat lortzeko hiru probetan dut aukera. Hori seinale ona da, eta hiru probetan dena ematera joango naiz. Gero ikusiko dugu ze postutan amaitzen dudan, baina uste dut aurreko Munduko Txapelketan lortutako posturik onena lortu ahal dudala. 39. postua lortu nuen, orain bi urte, eta Munduko Txapelketa horretan baino maila hobeagoa dudala uste dut, eta espero dut hobetzea. Gero, Munduko Kopan lortutako 18. postu hori hobetzen badut, sekulakoa izango zen.

Larunbat honetan duzu lehen proba, 30 kilometrokoa, erdia klasiko eran eta beste erdia skating modalitatean.

Normalean proba mota hau, bi modalitateak batzen dituena, Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan egiten da. Lasterketa nahiko osoa da, eta gainera luzea da. Hori niretzat ona da, eta ikusiko dugu nola joaten den.

Martxoaren 3an 15 kilometro skating eran egingo duzu.

Oso ohiko proba da, eta Munduko Kopan aurten horrelako hiru edo lau lasterketa egin ditut. Ikusiko dugu nola joaten den, baina skating eran klasiko eran baino emaitza hobeak lortzen ditugu Europa aldean.

Hirugarrena, martxoaren 7an egingo duzuna, 50 kilometrokoa izango da, klasiko eran.

Hau da proba gogorrena. 50 kilometroak ondo egokitzen zaizkit betidanik, baina orain hobeto, zaharragoa bainaiz, eskarmentu gehiago dut, eta proba horretan ere emaitza on bat lortu dezaket.

Hiru probetatik baduzu baten bat begiz jota, edo egunaren arabera izan daiteke emaitza bat edo beste lortzea?

Egunaren arabera ere izan daiteke. Faktore asko hartu behar dira kontuan. Eskiak ere ea ondo doazen, eta ez dugun arazorik materialekin. Aurreko Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan emaitza onenak 50 kilometroko proban lortu nituen, baina oraingorako horrek ez du ezer esan nahi. Ikusiko dugu nola joaten diren beste bi probak ere.

Munduko Txapelketan Munduko Kopan baino emaitza hobeagoa lortu daitekeela esan izan duzu.

Munduko Kopan ez dago kuporik. Norvegiarrak oso onak dira, normalean aurrean egoten dira eta zortzi kirolari eramaten dituzte. Munduko Txapelketan herrialde bakoitzetik bakarrik lau joan daitezke, eta hori abantaila txiki bat da, baina horretan ez dut pentsatzen. Pentsatu behar dudana da lasterketa guztietan dena ematea, eta gero ikusiko da ze postutan bukatzen dugun.

Munduko Txapelketaren ondoren, beste probaren bat baduzu denboraldia bukatu baino lehen?

Suitzan Munduko Kopako proba bat gehiago izango dugu, eta gero Espainiako Txapelketa. Agian beste probaren bat jartzen dute Munduko Kopakoa, aurreko asteburuan bertan behera utzi baitzuten, baina oraindik ez dakigu. Saiatuko gara daukagun guztia ematen geratzen diren proba horietan, denboraldia ahal den ondoen bukatzeko. Espainiako Txapelketa beti izaten da momentu ederra bukatzeko, ahal dela irabaziz.

Nolako denboraldia izaten ari da COVID-19aren inguruko neurriekin?

Estres puntu bat daukagu, PCR probak egin behar ditugulako. Hemen, adibidez, ostiraletik hasita bi egunez behin PCR proba edo antigeno proba bat egin behar dugu. Baina hau da egungo egoera eta horretara moldatu behar gara. Neurriak mantendu behar ditugu ere COVID-19a ez hartzeko, bestela guretzako oso txarra izango zen, lasterketa galduko genuelako.

Aurtengo denboraldian, aurrekoan bezala, Andorrako federazioarekin ari zara entrenatzen. Pozik erabaki horrekin, ezta?

Bai, noski. Niretzako ezberdina zen, jende ezberdinarekin egotea, entrenamenduak ere ezberdinak, eta dena beste modu batera antolatuta. Baina aldaketa ona izan da, eta ikusi da emaitzetan. Oso pozik nago taldean dagoen giroarekin, eta beraiekin jarraitu nahi dut, oso ondo nagoelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!