Igeralde eta Bizkaia kaleen artean dagoen eskultura egonkortzen ari dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 24a, 15:57

Eskultura lurrerantz okertzen ari zela ikusita hasi zen udala obrarekin; aste honetan zehar aurreikusten dute lanekin amaitzea.

Tolosako Udalak Igeralde eta Bizkaia kaleen artean dagoen Ilargi erdia izeneko eskultura egonkortzeko lanak abiarazi zituen duela aste batzuk denboraren poderioz eskultura lurrerantz okertzen ari zela ikusita. Transformazio zentroan eta transformazio zentroarekin muga egiten duen lursailen artean kokatuta zegoen, eta orain lekualdatu egin da egonkortze lanetan egindako aurkikuntzek hala eskatuta.

Eskulturak 38.000 kiloko pisua du eta garabia egokiarekin lekuz mugitu zen lehenik, zorua egonkortzeko lanak egiteko. Eskultura mugitzean behin-betiko lekualdatzeko beharra sortu zen, lur azpian zegoen eskulturaren zatiaren egoera ez baitzen egokia. Hortaz, eskultura lekualdatzeko, lurra zulatu zen lehenik; gero, 60 zentimetroko balastozko geruza bat ipini zen; ondoren, erruloa pasa zen, eskultura trinkotzeko; eta azkenik, armadura jarri eta 40 zentimetroko hormigoizko geruza bat bota zen.

Hormigoia ondo finkatzeko eta erresistentzia irabazteko astebete itxaron dute, eta aste honetan zehar aurreikusten dute eskultura hormigoizko geruzaren gainean ipini eta inguruan lurra botatzea. Orduan emango da amaitutzat obra.

Aldaketak, autobus zerbitzuan

Eskultura egonkortzeko lanen ondorioz, bihar aldaketak egongo dira autobus zerbitzuan. Bertako autobus geltokia, inauterietan erabiltzen den Iruña Etorbideko geralekura (Ford kontzesionario parean) lekualdatuko da 9:00etatik 11:00etara, eta bertan jasoko da jendea.

Beste geraleku batzuk zerbitzurik gabe geratuko dira: Amarotz 11, Amarotz 30, San Blas, Iparragirre eta Bizkaia kalekoak. Azken hau Kondeaneko aldapara lekualdatuko da, semaforoaren ondora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!