Emozioen Gimnasioa, martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 24a, 17:55

Harrera ona izaten ari dela adierazi dute udaletik. Bestalde, aste honetan, Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoak egiten ari dira Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak.

Bigarren ikasturteari ekin berri dio Tolosatzen eskola irekiak. Lehen hiruhilekoa emozioei lotuta dago, eta tartean, herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzera bideratutako Emozioen Gimnasioa tailer zikloa egiten hasi dira. "Harrera oso ona izaten ari da", diote udaletik.

Guztira, 30 lagun ari dira parte hartzen saioetan, profil oso anitzekoak. Parte hartzaileen gehiengoa emakumea da, eta ikasketa edo jatorri ezberdinetako jendea elkartzen da. "Horrek berak taldea aberasten du", nabarmentzen dute.

Arlo emozionalaren garrantziaz ohartzea, garunaren funtzionamendua ulertzea, norbere emozioak zein besteen emozioak identifikatzea, norbere emozioak erregulatzeko trebetasuna garatzea, ongizate pertsonal eta sozialerako bizi-trebetasunak garatzea eta pertsonen arteko harremanak hobetzea dira zikloaren helburu nagusiak.

Lehen hiruhilekoaren barruan txertatzen da ere Arrastoan dokumentalaren tailer didaktikoa. Kasu honetan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako gazteei zuzenduta dago, eta herriko hiru ikastetxetan ari dira garatzen, ostiralera arte. "Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoa da, herria eta lurraldearen ezagutza ardatz duen lan lerroaren baitan. Laponiarako espedizioa aitzaki hartuta, gure herriko historia eta istorioak ezagutarazi eta ekintzailetza eta abentura grina piztera bideratutako egitasmoa da".

Bi ekintza gehiago

Tolosatzen eskola irekiaren bigarren ikasturteko lehen zikloaren barruan, beste bi ekintza daude aurreikusita. Batetik, eta Eskuaire elkartearen eskutik, zeinu hizkuntza eta Tik-Tok sare sozialari buruzko tailerra egingo da, etzi, Gazte Topagunean. "Keinu txikien egutegian otsaila inklusioaren hilabetea izanik, gorren errealitatea ezagutarazteko eta zeinu hizkuntzaren mundura gerturatzeko helburua izango du tailerrak, gorputz adierazpena, dantza eta Tik-Tok uztartuz". Sendotze sozio-komunitarioa ardatzaren baitan emango da. Gainera, Tolosatzen aliantzaren baitan sortutako keinu txikien dinamikarekin ere bat egingo da.

Bestetik, apirilean, udal sailek udal diru-laguntza lerroak elkarteei aurkezteko saio berezia ere egingo da. "Herria ezagutzeko lan lerroaren baitan, diru-laguntzen alorra herri elkarteei eta eragileei aurkezteko saio edo topaketa berezia izango da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!