«Inongo asmorik gabe probatzen hasi ginen eta zerbait polita atera zen»

Irati Saizar Artola 2021ko ots. 23a, 19:59

Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio tolosarrek Mirua musika taldea sortu dute; soinu berriak esploratzeko bidea ematen ari zaie elektronika eta "etengabe ikasten" ari dira proiektuarekin.

Formatu akustikoan ibili dira orain arte Maitane Iruiñ eta Malentxo Zeberio musikari tolosarrak. Orain, Mattin Zeberio batu zaie eta Mirua musika taldea sortu dute. Arnasten du hemen izena duen lehen abestia kaleratu berri dute.

Mattin Zeberiorekin batera hasi zarete lanean. Nola izan da prozesu hori?

Malentxo Zeberio: Maitane eta biok bizitza osoa daramagu elkarrekin abesten eta entsegu asko egin izan ditugu nire etxean. Mattin anaia dut eta hasieratik ezagutzen zuen proiektu hau ondo, beti egon izan da presente. Esan daiteke bera beste mundu batetik datorrela, elektronika mundutik. Egun batean, inongo asmorik gabe probatzen hasi ginen eta konturatu ginen zerbait polita atera zela, funtzionatu zezakeen zerbait. Naturaltasun osoz egin genuen, eta horrekin aurrera egitea erabaki genuen. Horrelaxe sortu da Mirua.

Zuek akustikotik zatozte. Aldaketa handia izan al da?

Maitane Iruiñ: Zerbait ezberdina izan da, bai. Urteetan zehar estilo ezberdinak jorratzen ibili izan gara, izan musika klasikoa, jazza, pop-a modu akustikoan... Mattin ere azken urteetan zerbait elektronikoagoa ari zen sortzen eta berria izan da guretzat, baina, aldi berean, ekarpen handia egin diguna. Etengabe ikasten ari gara.

Gertuko erreferenterik izan al duzue?

M. Z.: Eskualde mailan ez dago askorik, baina Euskal Herrian pixkana ari da sortzen musika elektronikoagoa jorratzen duen eszena bat, euskaraz. Merina Gris, Zetak edo Sara Zozaya bezalako taldeak orain arte gehiegi jorratu ez diren soinu batzuk hasi dira lantzen.

Zuek hor kokatu zarete.

M. I.: Instrumentu fisikoetatik harago, soinu berriak esploratzeko bidea ematen digu elektronikak. Oraintxe bertan, Miruaren soinua elektronikoa da, baina nahiko organikoa. Esan daiteke gertu dagoela instrumentu fisiko batek sor dezakeen soinutik, baina pixkana garatzen ari gara soinu horiek ere.

Lehendik bazenituzten abestiak sortuta. Horiei Mattin gehitu zaie? Edo bere doinuetara moldatu zarete?

M. Z.: Modu ezberdinetan sortu ditugu abestiak. Oraintxe atera dugun abestia lehendik eginda geneukan eta Mattin gehitu zaio, naturaltasun osoz. Abesti gehiago ere ari gara prestatzen, eta kasu batzuetan, Mattinek bit bat bidali eta gero guk gainetik melodia ezberdinak probatuz sortu dira. Metodo ezberdinak ari gara probatzen.

M. I.: Gure ikasketak direla eta, leku ezberdinetan bizi gara Malentxo eta biok astean zehar, eta Mattin Madrilen bizi da. Beraz, ikasturtean zehar gure lan egiteko modua mugikor bitartez izaten da askotan, elkarri gauzak bidaliz. Gabonetan edo udan, kontaktu zuzena izaten dugu eta aurrez aurre aritzen gara.

Aurrez aurre egon gabe sortzea erraza al da?

M. Z.: Bideo deien bitartez lan asko egin izan dugu. Ideia ezberdinak bidaltzen dizkiogu elkarri eta pixkana forma hartzen joan diren lanak egin ditugu. Izan dira abesti batzuk osorik aurrez aurre egin ditugunak, baina, esaterako, Arnasten du hemen abestia, ia-ia %100ean telematikoki sortutako abestia izan da. Elektronikak ere horretarako aukera gehiago eskaintzen ditu. Ez du eskatzen momentu berean guztiak espazio fisiko berean egotea, eta horrek ahalbidetu digu ikasketak kanpoan egin ahal izatea, eta baita ere estudio bat alokatu beharrik ez izatea.

Afiziotik zenbat du egiten duzuenak?

M. Z.: Nire kasuan, musika ikasketak egiten ari naiz Nafarroako goi mailako kontserbatorioan, Mattin ere ikus-entzunezko ikasketak ari da egiten, bideogintza eta musikagintza ukituz, eta Maitane musika magisteritza ari da ikasten. Ez dakit hobby bezala deskribatuko nukeen, gure ikasketak ere horra bideratzen ari garelako eta gure asmoa badelako gure bizitzetan musikari garrantzi handia ematea.

M. I.: Musika hautu bat izan da, gure egunerokoan etengabe daukaguna. Kontzienteki egiten ari garen zerbait da, eta gero, etorkizunak esan beharko du.

Urte bukaeran oholtzara igo zineten hirurok estreinakoz.

M. I.: Aita Mari ontziaren alde Leidorren egin zen kontzertuan parte hartzera gonbidatu gintuzten. Barrura begira, esku artean genuen proiektua herrian aurkeztea eta hirurok oholtza gainean nola konektatzen genuen sentitzea polita izan zen.

Kontzertuak emateko asmoa gertu al duzue?

M. Z.: Orain grabaketa prozesuarekin ari gara eta abestiak prestatu eta kaleratzen jarraituko dugu. Abesti kopuru ertain bat dugunean hasiko gara zuzenekoetara begira, uda aldean edo gustatuko litzaiguke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!